Athletic Club
Autokritika egin du
Gurpegi: 'Jarrera aldetik ezin dugu inoiz huts egin'
Erredakzioa
Athleticeko kapitainaren ustez, "normala da entrenatzailea haserre egotea" Granadan egindako partidagatik, eta "taldeak etxetik kanpo gauza asko hobetu behar dituela" ere gaineratu du.
-
Carlos Gurpegi. Argazkia: EiTB
Carlos Gurpegi Athleticeko kapitainaren ustez, "normala da entrenatzailea haserre egotea" Granadan egin zuten partidagatik. Taldeko kapitainak argi dauka, astelehenean ez zituztela gauzak ondo egin.
"Gure entrenatzaileak haserre egoteko arrazoiak ditu. Ez ginen gauzak ondo egiteko gai izan, eta porrota merezi izan genuen. Espanyolen eta Granadaren aurka ez ginela lehiakorrak izan oso argi daukat", esan du Gurpegik.
Epaileek azken jardunaldietan ez diote Athletic ezertan lagundu, eta bi penalti argi adierazi gabe utzi zizkioten Espanyolen eta Granadaren aurkako partidetan. Horren inguruan mintzatu da Athleticeko kapitaina: "Cornella-El Praten penalti argia adierazi gabe utzi ziguten, eta Carmenes zelaian Adurizi beste penalti argi bat egin zioten, baina epaileak hau ere adierazi gabe utzi zuen. Bi partidetan 0-0ekoa izan zen emaitza penaltiak egin zizkigutenean".
"Jarrera aldetik ezin dugu hutsik egin, eta Granadan huts egin genuen. Ahalik eta jarrera onena azaldu behar dugu partida guztietan. Granadan ez genituen gauzak ondo egin. Paseak huts egin ditzakegu, ate aurrean kale gin dezakegu, baina jarrera aldetik ezin dugu huts egin", esan du Andosillakoak.
Athleticek denboraldi hasiera honetan duen arazo larriena, etxetik kanpora jokatzen dituen partidak dira. Arazoa ahalik eta azkarren konpondu behar dela uste du Gurpegik: "Etxetik kanpo jokatzen ditugun partidetan, ez gara lehiakorrak izan. Gol bat jasotzen dugunean, taldea ez da erreakzionatzeko gai izan, eta hori konpondu beharreko gauza bat da".