Itxi

Athletic Club

BBVA liga

Athleticek erronka zaila dauka Vicente Calderonen

Erredakzioa

Atletico Madrilek ez du puntu bat bera ere galdu etxean. Iturraspe baja izango da. Valverdek hamaikakoan zenbait aldaketa egitea espero da, duela hiru egun beste liga partida bat jokatu ondoren.

  • Athleticek ezustekoa eman nahi du Vicente Calderonen. Efe.

    Athleticek ezustekoa eman nahi du Vicente Calderonen. Efe.

Atletico Madril eta Athletic arituko dira nor baino nor gehiago igandean, 17:00etan, Vicente Calderon futbol zelaian. Talde biak sailkapeneko goiko postuetan dira: madrildarrek Bartzelona hartu nahi dute; bilbotarrek, berriz, Txapeldunen Ligako postuetan sartu.

Atletico Madril bigarren da BBVA Ligan. Lau puntura du Bartzelona liderra, baina partida bat gutxiago jokatuta. Athletic bosgarren da eta ez du jokatutako azken lau partidetatik bat ere galdu: bi berdinketa eta bi garaipen lortu dituzte bilbotarrek. Puntu bakarra lortuta, lehenengo lau taldeen artean sartuko lirateke Valverderen gizonak, Vila-realek astelehenean egiten duenaren zain.

Simeonerem taldeak ez du punturik galdu etxean, Vicente Calderonetik pasa diren talde guztiak burumakur eta eskuak hutsik atera baitira bertatik.

Athleticek San Mamesen Elx taldearen aurka lortutako berdinketak (2-2) Txapeldunen Ligarako postuen atarian utzi ditu zuri-gorriak, Bartzelona, Atlético eta Real Madrilekin batera urrezko laukotea osatzeko irrikaz.

Atletico Madrilen kontrako norgehiagoka proba zaila da Ernesto Valverderen taldearentzat eta bere benetako maila zein den jakiteko balioko du.

Azken egunetan jokatutako partida kopurua ikusita, litekeena da Ernesto Valverdek aldaketak egitea hasierako hamaikakoan, baina horien berri, ohikoa denez, ez du azken momentura arte emango. Argi dagoena da Ander Iturraspek ez duela Calderonen jokatuko. Erdilari bizkaitarra sasoiko zebilen, baina min hartuta da, eta baja izango da Atletico Madrilen aurkako partidarako.

Ustezko hamaikakoak:

Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godín, Filipe;Raúl García, Gabi, Tiago, Koke; Diego Costa eta Villa.

Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain.

Epailea: Fernando Teixeira Vitienes (kantabriarra).

Futbol zelaia: Vicente Calderon.

Ordua: 17.00etan.