Athletic Club
Levanteren aurkako partida
Beñat, Caparrosi buruz: 'Gertatutakoa gogoan daukat baina iragana da'
Erredakzioa
Entrenatzaile andaluziarra San Mameseko bisitarien aulkian izango da larunbatean. Athleticek Levanteri irabazi eta Vicente Calderonen emandako itxura negargarria ahazterazi nahi du.
-
Beñat Athleticeko jokalaria. Efe.
Beñat Etxebarria Athleticeko jokalariak esan du Joaquin Caparrosen Levanteren aurka partida "gogorra" espero duela. Caparros izan zen, hain zuzen, 2008. urtean Beñat lehen taldera ez igotzeko erabakia hartu eta Arratiako jokalaria Lezamatik joatera behartu zuena. Handik Conquese eta Betis taldeetara joan zen bizkaitarra, Bilbora itzuli aurretik.
"Gertatutakoa gogoan dut, noski, baina iragana da. Nire bideari jarraitu nion, azkenean etxera bueltatu naiz eta pozik nago. Guztia gogoratzen dut, baina aspaldiko kontua da", azaldu du jokalariak.
Bestalde, eta Levanteren aurkako partidari dagokionez, taldearen helburua Vicente Calderonen emandako itxura kaskarra ahazteraztea dela azpimarratu du. Atletico Madril-Athletic partida 2 eta 0 amaitu zen, zuri-gorriek denboraldi guztiko neurketa txarrena jokatuta.
"Argi daukagu zein joko egin nahi dugun"
"Madrilekoa ez da eman nahi dugun itxura eta horri buelta eman eta hiru puntuak lortzeko gogoz gaude. Momentuz, kontra jartzen zaizkigun partidei buelta ematen ari gara, baina hasieratik gogor aritu behar dugu", azaldu du Beñatek.
Lehen 12 jardunaldietan agertutako irregulartasuna onartu arren, taldeak "egin nahi duen jokoa argi daukala" esan du. Hala ere, "partida bakoitza ezberdina da", eta jokoa "biziagoa" egin eta "ia automatikoki jokatzen" ikasi behar dutela gaineratu du.