Itxi

Athletic Club

Egokitze lanak, bukatuta

Athleticen gabarra, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan ikusgai

Erredakzioa

Egokitze lanak bukatu ostean, talde bizkaitarrak 80ko hamarkadan lortutako tituluak ospatzeko erabili zuen ontzia museoko pieza garrantzitsuenetakoa da, eta zaleek bisitatzeko aukera dute.

0:44

Bilboko Portuko Agintaritzak bukatu ditu Athleticen gabarra egokitzeko lanak, eta abenduaren 10etik aurrera Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan izango da ikusgai. Talde bizkaitarrak bere tituluak ontzi honetan ospatu zituen 80ko hamarkadan, eta ikur bilakatu da Athleticeko zaleentzat.

Jose Angel Corres Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko presidenteak, Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak eta Josu Urrutia Athleticeko presidenteak gabarra bertan ikusgai egotea zein garrantzitsua den azpimarratu dute, eta talde zuri-gorriko zale gazteenek gabarraren bitartez Athleticen historia ezagutu dezaketela gaineratu dute.

Carlos Gurpegi eta Mikel Balenziaga Athleticeko jokalariak ere Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egon dira gabarra ikusten, eta kapitainak titulu bat irabazi nahi duela esan du, gabarran ospatu ahal izateko. "Gabarran lehen aldiz egon naiz gaur, eta espero dut azkena ez izatea. Azken urteetan titulu bat lortzetik gertu egon gara hiru aldiz, eta egunen baten gabarran tituluren bat ospatzea espero dugu", esan du Gurpegik.