Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Beste partida bat irauli beharko du Athleticek San Mamesen

Leire Etxazarra | eitb.com

Zuri-gorriek 1 eta 0 galdu dute Simeoneren Atletico Madrilen aurka, erasoan makal aritu ondoren. Madrildarren gola Godinek egin du lehen zatiko 41. minutuan.

1:31

Athleticek San Mamesen konpondu beharko diru berriro etxetik kanpo egindako hutsak. Valverderen taldeak ez du gaizki jokatu Calderonen, baina erasoan makal aritu da, eta aurtengo Atletico ez da barkatzen duten talde horietakoa.

Bizkaitarrek txukun hasi dute partida, berdegunean lekua ondo hartuta. Lehen minutuetan Atletico Madrilek atzean sartuta itxaron dio Athletici, kontraerasoan ateratzeko aukeraren zain.

Partidako lehen aukera argia 11. minutuan izan du Ander Herrerak, baina bere jaurtiketa desbideratuta joan zaio, De Marcosen erdiraketa jaso ostean.

Baina Atletico talde arriskutsua da beti, eta koltxoneroek ere aukera nabarmenak izan dituzte: Iago Herrerinek birritan ekidin du etxekoen gola, Diego Costaren eta Adrianen jaurtiketei erantzun bikaina emanda.

Etxeko taldearen golaren ataria izan da. Godinek egin du, buruz, Kokek baloia eskumako hegaletik erdiratu ostean.

Atsedenaldirako minutu bakarraren faltan, epaileak bigarren txartel horia barkatu dio Diego Costari, Aymeric Laporteri sarrera gogorra egin dionean.

Erasoan min egin barik

Bigarren zatian, Simeoneren taldea gehiago izan da eta bigarren gola egiteko aukerak izan ditu. Erraz iritsi dira bilbotarren areara. Valverderen gizonek, aldiz, nezkez sortu dute benetako arriskua Courtoisen inguruan.

Athleticek aukera gutxi egin ditu bigarren 45. minutuetan: De Marcosen jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik, 57. minutuan; Adurizek 73. minutuan egindakoa ere desbideratuta joan da, eta indarrik gabe. Mikel Rico ere saiatu da, urrutitik, 73.ean, eta baloia kornerrera atera da.

Azkenean, 1 eta 0 Atletico Madrilen alde. Finalerdietarako txartela, San Mameseko "miraria"ren zain geratu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Alderweireld, Godín, Filipe; Guilavogui (Gabi, 46. min); Adrian (Arda Turan, 59. min), Raul Garcia, Koke, Cristian Rodriguez (Villa, 77. min); eta Diego Costa.

0 - Athletic: Iago Herrerín; Iraola, Laporte, Gurpegui, Balenziaga; Iturraspe; De Marcos, Mikel Rico, Ander Herrera (Beñat, 80. min), Ibai (Susaeta, 46. min); eta Kike Sola (Aduriz, 61. min).

Gola: 1-0, 40. min: Godin.