Athletic Club
Prentsaurrekoa
Simeonek irainak entzun ditu San Mamesen, baina ez Calderonen
Erredakzioa
'San Mamesen, irainak entzun arren, futbol gordina bizi da', esan du Argentinakoak. Hala ere, Athleticen aurkako irainik ez zuen entzun Calderonen.
-
Simeone, polemikaren erdian. Argazkia: EFE.
Atletico Madril taldeko entrenatzaileak, Diego Pablo Simeonek, bere taldeak Kopako finalerdietan postu bat lortzeko lana eta kemena azpimarratu ditu. Atzoko sailkapena San Mamesen "oso pauso garrantzitsua" da Madrilgo taldearentzat.
"Aurrerapauso garrantzitsua da guretzat. Finalerdietan egon nahi genuen eta horren alde borrokatu ginen, gogor", esan zuen prentsaurrekoan. Gainera, Argentinako entrenatzaileak San Mamesen irabazi izana nabarmendu zuen, hori lortzen duen lehenengo taldea baita Atletico. "Lehiakide handi baten aurka jokatu genuen. Athletic oso talde ona da", adierazi zuen.
"Lehenengo 30 minutuetan zehar ez genuen zelaia kontrolatu; partida, aldiz, bai. Costarekin izan genuen lehenengo gol aukera atezainak gelditu zuen, eta Raulen beste bat zutoinetik gertu joan zen. Lehenengo zatiaren bukaeran, Athleticek oso minutu onak egin zituen. Bigarren zatian, sendo atera ginen. Gero gure gola heldu zen, eta konfiantza, indarra, konpromisoa eta intentsitatea eman zizkigun, eta oso zelai zailean irabaztea lortu genuen", azaldu zuen.
Bestalde, Cholok Bilboko 'katedralean' bizitako giro ezin hobea goraipatu zuen. "Errespetu handia diot Athletici, bere jendeagatik eta zelai zoragarriagatik". Instalazio bikainak ditu, eta oso futbol-zelai ona da. Pasioz beteta dago, eta hemen futbol gordina bizi da. Inbidiagarria da jendearen grina, taldea zelan animatzen duen, emaitza kontra izanda ere", esan zuen.
"San Mamesen, irainak entzun arren, futbol gordina bizi da", esan zuen entrenatzaileak. Kazetari batek galdetu zion: "Eta Calderoneko irainak?". "Ez nituen entzun", erantzun zion Simeonek.