Itxi

Athletic Club

Txartel gorria Ronaldorentzat

Real Madrilek ere ezin izan du San Mamesen irabazi

Erredakzioa

Athleticek oraindik ez du etxean galdu Ligan, Real Madrilen kontrako neurketa polemikoan berdinketa lortu baitu (1-1).

1:38

Athleticek Real Madrilen kontra berdintzea lortu du (1-1), eta oraindik ez du galdu San Mamesen jokatutako Ligako partidarik. Jesek Madrilgo taldea aurreratu du bigarren zatian, baina Ibaik neurketa berdindu du. 1-1ekoaren ostean, Cristiano Ronaldo kanporatu du epaileak, bi taldeetako jokalarien arteko liskar baten ostean.

Real Madril Athletici gauzak zail jartzeko asmoarekin irten da zelaira, hasierako minutuan harmailetan beldurra sartzeraino ere, Cristiano eta Di Mariaren abaguneei esker. Gutxi iraun du, eta Athleticek baloia eskuratu du eta joko ona egiten hasi da. Athleticen nagusitasuna zelai erdian erabatekoa izan da lehenengo zatian, eta atsedenaldiko zenbakiek horrela erakusten dute.

Atsedenaldira golik gabe joan da neurketa, Athleticen presioak aukerak sortu dituen arren, Ander Herreraren, Mikel Ricoren eta Iturrasperen lan onari esker. Athleticek, baina, ez ditu lehenengo zatiko abaguneak aprobetxatu, batez ere Aduriz, Muniain eta Herrerarenak.

Bigarren zatian, Real Madrilek erasoari ekin dio, partida hasieran bezala, baina oraingoan serioago. Izan ere, 68. minutuan, Jesek aurretik jarri du Real Madril, Cristiano Ronaldoren pase bati esker. Hala ere, Athletic berriz suspertu da, eta baloia berreskuratu du. 75.ean, Ibaik, zelaira irten bezain laster, barrura errematatu du baloia, Xabi Alonsok egindako falta baten ostean.

Hurrengo jokaldian, Real Madrileko jokalariek falta bat eskatzen zuten bitartean, Cristiano Ronaldok Gurpegi jo, eta epaileak kanporatu egin du, jokalarien arteko liskarraldi baten ondorioz. Athleticek, hala ere, ezin izan du abantaila hori aprobetxatu, eta berdinketa on batekin geratu da. Laugarren postua indartu du Athleticek.

FITXA TEKNIKOA

Athletic Club: Iraizoz; De Marcos (Iraola, 58. min), Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Beñat, 86. min); Susaeta, Herrera, Muniain (Ibai Gómez, 73. min); eta Aduriz.

Real Madrid: Diego Lopez; Carvajal (Varane, 89. min), Pepe, Sergio Ramos, Marcelo; Xabi Alonso, Modric, Di María; Jese (Illarramendi, 82. min), Benzema (Morata, 86. min) eta Cristiano Ronaldo.

Golak:

0-1, 65. min: Jese
1-1, 75. min: Ibai Gomez