Itxi

Athletic Club

24. jardunaldia

Kale egin du Athleticek San Mamesen, Espanyolen aurka (1-2)

Erredakzioa

Partida serioa jokatu du aurkariak, eta zuri-gorriek ezin izan dute garaipena eskuratu. Sergio Garciak eta Colottok egin dituzte bisitarien golak, eta Athleticena Gurpegik sartu du.

3:27

Athleticek Ligako seigarren porrota jaso du, San Mamesen aurrenekoa, 24. jardunaldiko norgehiagokan Espanyolen aurka galduta (1-2).

Lehen zatian ezin izan du Valverderen taldeak partidaren jabetza eskuratu. Hasi eta berehala, 6. minutuan, markagailua estreinatu du Sergio Garciak, gol eder bat sartuta (0-1). Bi minutu lehenago, aukera paregabea izan du jokalari katalanak, baina oraingoan ez du huts egin, eta Iraizoz gainditu du.

Bisitariek sartutako gol goiztiarrak hotz utzi ditu zuri-gorriak, eta deseroso aritu dira. Hala ere, banakoaren gola izan dute helburu, eta Aritz Adurizek lehen zatiko abagunerik onena izan du 22.ean. Donostiarrak buruz egindako erremateak zutoina jo du.

Azken 20 minutuetan, neurketak ez du jaberik izan, eta gol-aukerak talde bientzat izan dira. 28.ean, buruz errematatu du Mikel Ricok, baina berriro ere zutoina izan da protagonista. 38.ean, gutxigatik ez du Stuanik Espanyolen bigarrena egin.

Bigarren zatia lehenengoa baino hobeto hasi dute bilbotarrek, eta gola 55.ean heldu da. Ibaik erdiraketa bikaina utzi dio Gurpegiri, eta kapitainak sarea zulatu du, buruz errematatuta.

Espanyolek lanean jarraitu du, eta hamar minutu geroago, 65.ean, bisitarien bigarren gola egin du Colottok korner batean. Atzelari zuri-gorriek gaizki defendatutako jokaldia izan da.

Azken minutuak intentsitate handikoak izan dira. Athleticek partida berdindu nahi zuen, eta Aguirreren taldeak hirugarrena sartu eta partida erabat erabakita utzi. Amaierarako hiru minuturen faltan, epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Adurizi, eta lehoiak hamarrekin geratu dira.

Espanyolen aurka kale egin duen arren, Athleticek sailkapen nagusiko laugarren postuari eutsi dio, eta Vila-real bosgarren sailkatua lau puntura dauka. Hurrengo jardunaldian, Betisen etxean jokatuko du.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte (Moran, 46'), Balenziaga; San Jose, Rico; Susaeta (Muniain, 75'), Herrera (De Marcos, 67'), Ibai Gomez; eta Aduriz.

2 - Espanyol: Casilla; Javi Lopez, Colotto, Hector Moreno, Fuentes; David Lopez, Victor Sanchez; Stuani, Abraham (Alex, 63'), Simao (Pizzi, 42'); eta Sergio Garcia (Cordoba, 92').

Golak:

0-1, 6': Sergio Garcia.

1-1, 56': Gurpegui.

1-2, 65': Colotto.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en