Athletic Club
Taldeko golegilea
Adurizek bere markarik onena hobetu du Ligan 15. gola sartuta
Mikel Dominguez
Athleticeko aurrelariak aurrekoan baino gol gehiago sartu ditu jada denboraldi honetan Ligako txapelketan. Dagoeneko 51 gol egin ditu guztira Bilboko taldearekin.
-
Aritz Aduriz, Levanteren aurkako gol bat ospatzen / EFE.
Adurizen zenbakiak duela hiru hamarkada pitxitxi batek egiten zituen zenbakietara hurbiltzen ari dira. Azken urteotan, baina, Messi eta Cristiano Ronaldo marka horretatik urrun geratu dira, 40na gol baino gehiago sartu baitituzte. Athleticeko azken pitxitxiak, Carlos Ruizek, 19 gol sartu zituen, 1974-75 denboraldian.
Hugo Sanchez 1986an pitxitxia izan zenetik, denboraldi batean bakarrik egin ditu pitxitxi batek 20 gol baino gutxiago. Aduriz zenbaki horietatik gertu dago, baina bere aurkariak, aldiz, goitik oso urrun dabiltza: Cristiano Ronaldo da, oraingoz, aurtengo denboraldiko golegile nagusia (28 gol sartu ditu jada), eta Diego Costa (26) eta Messi (25) atzetik segika ditu.
Aritz Adurizek Ligan inoiz lortu duen markarik onena, 2012-13 denboraldikoa, hobetu du jada, 14 gol egin baitzituen orduan. Denboraldi horretan hiru gol gehiago sartu zituen Europa Ligan, eta beste bat Errege Kopan. Aurten, Kopan sartutako bi golak baino ezingo ditu gehitu. Hala ere, oraindik tartea dauka azken bost jardunaldietan bigarren itzulian hasitako bidetik jarraitzeko, 15 goletik 11 sartu dituelako itzuli honetan.
Aurrelari zuri-gorriak 91 gol sartu ditu Lehenengo Mailan; horietako 51, Athleticekin (149 partida jokatuta). Denboraldi honetan bere bigarren hirukoa lortu du, Granadaren aurka. Partida berean bi gol hiru aldiz egin ditu aurten, Osasuna, Levante eta Malagaren kontra.