Athletic Club
Prentsaurrekoa
Valverde: 'Gauza txikiek erabakiko dute kanporaketa'
"Baliteke Napoli faboritoa izatea, baina hori zelaian frogatu behar da", adierazu du Athleticeko entrenatzaileak Txapeldunen Ligako playoffeko joaneko partidaren atariko prentsaurrekoan.
-
ernesto Valverde, Athleticeko entrenatzailea. Argazkia: EFE
Athleticeko entrenatzailea den Ernesto Valverdek eta talde zuri-gorriko kapitaina den Carlos Gurpegik hitz egin dute astelehen honetan Txapeldunen Ligako Napoliren aurkako joaneko partidaren atariko prentsaurreko ofizialean.
"Napoli ekipo azkarra da, eta kontraerasoan min handia egiten du Callejon, Higuain eta Mertens bezalako jokalariekin. Baina kontraerasoak bikain antolatzeaz gain, baloia ondo mugitzen duen taldea ere bada. Gauza txikiek erabakiko dute kanporaketa. Napolik ondo baliatzen ditu aurkariaren hutsak eta badakigu kontu handiarekin ibili beharko garela", adierazi du Ernesto Valverdek.
Entrenatzaile zuri-gorriak badaki Benitezek Athletic oso ondo ezagutzen duela, baina berak eta jokalariek Napoli ere ondo ezagutzen dutela esan du. Napoli faboritotzat jo daitekeela ere gaineratu du Valverdek: "Azken urteak kontuan hartzen baditugu, Napoli faboritotzat jo dezakegu kanporaketa honetan, baina hori berdegunean frogatu behar izaten da".
Talde bizkaitarrak 16 urte daramatza Txapeldunen Liga jokatu gabe eta Valverdek badaki erantzukizun handia dutela: "Guretzat aukera bikaina da. Lorpen handi bat izan daiteke gure klubarentzat. Presio handia daukagu, baina Napolik ere presio itzela du".
Joaneko partidari begira, "gure joko onena eskaini behar dugu joaneko partidan. Napoliren kontraerasoekin kontu handia eduki behar dugu, baina gure estiloa aldatu gabe. Golak sartzeko asmoarekin zelairatuko gara, ezin baitugu dena itzulerako partidarako utzi", gaineratu du Valverdek.
Carlos Gurpegi kapitainak ere hitz egin du astearteko partidaren atariko prentsaurrekoan. "Partida on bat egitea espero dugu. Txapeldunen Ligako multzoen fasean egotea dago jokoan eta hori gauza handia da. Gure zaleek poztasun hau ematea nahi dute, eta ematen saiatuko gara", esan du Gurpegik.
Athleticeko kapitaina hasierako hamaikakoan egongo da. Lesio batek iragan denboraldiko azken partidak jokatzea galarazi zion, baina Gurpegik argi utzi du lesioa ahaztuta duela: "Fisikoki oso ondo nago, iragan denboraldi hasieran baino hobeto agian. Hiru partida jarraian jokatu ditut jada, eta sentsazio onak ditut".
"Higuainekin kontu handiz ibili beharko gara. Oso aurrelari ona da, eta gola sartzeko erraztasun handi du. Horrelako aurrelariak partidak erabakitzeko gai izaten dira. Napolik bere zaleen babesa izango du. Badakigu San Paolo zelai beroa dela, eta giro ona egongo dela. Euren zaleek taldeari asko lagunduko diote, baina itzulerako partidan guk ere gure zaleen babesa izango dugu San Mamesen", azpimarratu du Carlos Gurpegik.