Itxi

Athletic Club

1-1, Napoliren aurka

Athleticek emaitza ona lortu du San Paolon

Talde zuri-gorriak bana (1-1) berdindu du Napoliren aurka Txapeldunen Ligako playoffeko joaneko partidan. Muniainek sartu du 0-1ekoa 42. minutuan eta Higuainek berdindu du partida, 68. minutuan.

  • Napoli-Athletic. Argazkia: EFE

    Napolik eta Athleticek bana (1-1) berdindu dute San Paolon. Argazkia: EFE

Athleticek bana (1-1) berdindu du Napoliren aurka San Paolo zelaian jokatu duen Txapeldunen Ligako playoffeko joaneko partida. Emaitza honek abantaila txiki bat ematen dio momentuz talde zuri-gorriari, baina kanporaketa San Mamesen erabakiko da datorren asteazkenean.

Napolik indartsu ekin dio norgehiagokari eta lehen hamar minutuetan hiru abagune izan ditu. Bigarren minutuan Hamsikek kanpora bidali du errematea eta jokalari berdinak minutu bat beranduago, desbideratuta jaurti du area kanpotik. Seigarren minutuan, Isigne ez da gutxigatik errematera iritsi. Zuri-gorrien eranztuna bederatzigarren minutuan iritsi da, baina Adurizek angelurik gabe egin duen errematea kanpora joan da.

Athleticen lehen abaguneak Napoli kokildu egin du, eta Valverdek zuzentzen duen taldeak. Lehiako 27. minutuan, Beñatek korner bikaina atera du, eta Laporteren errematea oso gutxigatik kanpora joan da. Bost minutu geroago, Beñatek hageltik erdiraketa ona jarri eta Adurizek indarge atezainaren eskuetara bidali du errematea. Zuri-gorriak nagusi izan dira lehen zatiko azken minutuetan eta 42. minutuan iritsi da saria Athleticentzat. De Marcosek jokaldi ikusgarria egin du, pase ona eman dio Muniaini eta jokalari nafarrak 0-1ekoa sartu du. Athleticen aldeko emaitzarekin (0-1) bukatu dira lehen 45 minutuak.

Bigarren zatiaren hasieran, Athleticek hiru abagune argi izan ditu hiru minututan. Lehen jokaldian Napoliko defentsak huts egin du, baina atezaina Susaeta baino azkarrago iritsi da baloira. Jarraian, Muniainek jokaldi bikaina egin du, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan da. 48. minutuan, Adurizek abagune argia izan eta kale egin du errematea kanpora bidalita.

Ondorengo minutuetan partida parekatu egin da. Benitezek Hamsik kendu eta Mertens sartu du. Belgikarrak beste bizitasun bat eman dio talde italiarrari. Indarrak parekatuta egon dira, baina 68. minutuan, Higuainek area kanpotik jaurtiketa gurutzatua atera eta norgehiagoka berdintzea lortu du (1-1).

Napoli gora etorri da Higuainek sartutako golaren ondorioz eta 70. minutuan Callejonek huts galanta egin du. Jokalari espainiarra bakarrik geratu da Iraizozen aurrean eta errematea kanpora bidali du. Athleticek asko sufritu du partidaren azken txanpan. Napolik abagune argian sortu ditu, baina Iraizozek italiarrek bigarren gola lortzea eragotzi du. 82. minutuan bikain desbideratu du Mertensen jaurtiketa on bat eta 84. minutuan erantzun bikaina eman dio Higuainek atepetik egindako erremateari. Aurrelari argentinarrak beste abagune argi bat izan du 86. minutuan. Athleticek huts egin du defentsan eta area txikitik egin duen errematea gora joan da.

Estuasun hauek pasa ostean Athleticek ere izan du bigarren gola sartzeko abagunerik. 90. minutuan Moran lokartu egin da, eta bigarren gola sartzeko aukera alferrik galdu du. Azken minutuan, Ibai Gomezek ere abagune argi bat huts egin du, bigarren errematean buruz egin duen errematea Napoliko atezainaren eskuetara bidali baitu.

Azkenean, banako berdinketa San Paolon eta San Mamesen erabakiko da zein talde sailkatuko den Txapeldunen Ligako multzoen fasera.

Fitxa teknikoa:

1 - SSC Napoli: Rafael; Maggio, Albiol, Koulibaly, Britos; Jorginho, Gargano; Insigne (Mertens, 60. min), Hamsik (Michu, 78. min), Callejon; eta Higuain.

1 - Athletic Club de Bilbao: Iraizoz; De Marcos, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; Iturraspe (Moran, 89. min), Rico, Beñat (San Jose, 74. min); Susaeta (Ibai Gomez, 79. min), Aduriz eta Muniain.

Golak: 0-1, 41. min: Muniain. 1-1, 68. min: Higuain.

Epailea: Jonas Eriksson (Suedia).