Itxi

Athletic Club

Beste zaplazteko bat

Athleticek gol-zaparrada jaso du Bernabeun (5-0)

Erredakzioa

Cristiano Ronaldo (3) eta Benzema (2) izan dira partidako golegileak. Ligako atsedena hausnarketa egiteko eta gogor lan egiteko baliatu beharko du Athleticek.

1:18

Athleticek porrot mingarria jaso du Real Madrilen aurka (5-0), Bernabeun jokatutako zazpigarren jardunaldiko norgehiagokan.

Hasi eta berehala, maldan gora jarri zaie zuri-gorriei partida. Cristiano Ronaldok egin du 1-0ekoa, 2. minutuan, Baleren erdiraketa bat buruz errematatuta. Bost minutu geroago, gutxigatik ez du portugaldarrak etxekoen bigarrena sartu. Iraizozek kornerrera aldaratu du.

Muniainek partida berdintzeko abagunea izan du 15.ean. Susaetak eskuinetik erdiratu du, baina nafarrak ezin izan du baloia ondo kontrolatu, gutxigatik. Benzemak gola egiteko pare bat aukera izan ditu, eta, 23.ean, Athleticen gola saihestu du Iker Casillasek. Muniain boleaz saiatu da. Hiru minutu geroago, 26.ean, Iturraspe erabakigarria izan da, eta arriskua urrundu du.

Real Madrilek jarritako erritmoa oso altua izan da, baina Athleticek ez du amore eman eta golaren bila jarraitu du. Zuriak arriskuarekin hurbildu dira jokaldi guztietan, eta atsedenaldira heltzeko bost minutu falta zirenean, bigarrena egin du Benzemak, Modricek kornerretik erdiratutako baloia buruz errematatuta.

Valverderen taldeak ez du amore eman nahi izan, eta aurre egiten saiatu da, baina Ronaldok madrildarren hirugarrena sartu du 50. minutuan. Balek pase biribila eman dio CR7ri, eta aurrelariak ez du huts egin.

58.ean, geldiketa bikaina egin du Casillasek. Ibai Gomezek Carvajal gainditu eta jaurtiketa ona egin du, baina zurien atezainak baloia aldaratzea lortu du.

Benzemak bere bigarren gola egin du 69. minutuan. Modricek pasea eman dio Cristianori, portugaldarra bakarrik geratu da Gorkaren aurrean, baina baloia frantziarrari ematea erabaki du eta honek sare barrura bidali du (4-0).

Hortik aurrera, Gorka Iraizoz izan da gakoa. Atezainak Real Madrilen hainbat gol-aukera zapuztu ditu, baina aldaratze batean bosgarrena egin du Cristianok.

Ligako atsedena hausnarketa egiteko eta gogor lan egiteko baliatu beharko du Athleticek, egoerari buelta eman nahi badio.

Fitxa teknikoa:

Real Madril: Casillas; Carvajal, Ramos (Varane, 46'), Pepe, Marcelo; Modric, Kroos (Illarramendi, 74'), James; Bale, Benzema (Isco, 79') eta Cristiano.

Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; Susaeta (Unai Lopez, 62'), Iturraspe, Rico, Muniain (Etxeita, 74'); Beñat (Ibai, 46') eta Guillermo.

Golak:

1-0, 5'. Cristiano.

2-0, 41'. Benzema.

3-0, 55'. Cristiano.

4-0, 69'. Benzema.

5-0, 88'. Cristiano.