Itxi

Athletic Club

Valentziaren aurka

Athleticek puntu ona eskuratu du Mestallan (0-0)

Erredakzioa

Lehen zatian ondo eutsi dio talde zuri-gorriak aurkariaren erritmoari, eta bigarrenean partida irabazteko gol-aukerak izan ditu.

  • Piatti eta Etxeita. Argazkia: EFE

    Piatti eta Etxeita. Argazkia: EFE

Athleticek puntu ona eskuratu du Mestallan, Valentziaren aurkako partidan (0-0). Etxean, aurretik jokatutako partida guztiak irabazi ditu Nunoren taldeak, baina zuri-gorrien aurka ez dute lortu.

Partidaren hasiera parekatua izan da, eta lehen ordu laurdenean ez da gol-aukerarik egon. Rodrigok izan du neurketako aurreneko abagunea, 16. minutuan, baina ez dio baloiari ondo eman, eta kanpora joan da.

Minutuek aurrera egin ahala, etxekoak nagusitu dira, eta baloiaren jabetza eskuratu dute. Alcacer eta Piati markagailua estreinatzeko zorian izan dira. Zuri-gorriei defendatzea egokitu zaie. Atsedenaldira heldu baino lehen, Athletic aurretik jartzeko aukera izan du Oscar de Marcosek. Unai Lopezen pasea ona izan da, eta arabarra buruz saiatu da, baina ez du asmatu.

Hasiera ona eman dio Ernesto Valverderen taldeak bigarren zatiari. Baloia ondo mugitu du Athleticek, presioa egin du eta Valentzia deseroso aritu da. Alvaro Negredo 68. minutuan zelairatu da, eta zaleak esnatu egin dira.

74.ean, baloia buruz ukitu du Ibaik, eta Fuegok gutxigatik ez du bere atean sartu. 85.ean, Iraizoz ezustean harrapatzen saiatu da Gaya, baina atezain zuri-gorriak arazorik gabe harrapatu du. Partida bukatzeko lau minuturen faltan, 0-1ekoa sartzeko aukera ona izan dute bilbotarrek. Beñatek falta bat atera du, baloia Etxeitari erori zaio, errematatu egin du, baina Alvesek gola saihestu du.

Hurrengo asteburuan ez da Ligako partidarik egongo. Athleticek 12 puntu ditu, eta sailkapen nagusiko 11. postuan dago. Espanyol izango da zuri-gorrien hurrengo aurkaria, azaroaren 21ean, San Mamesen.

Fitxa teknikoa:

0 - Valentzia: Diego Alves, Barragan, Otamendi, Mustafi, Gaya, Javi Fuego, Feghouli (Carles Gil, 81'), Andre Gomes, Rodrigo, Paco Alcacer eta Piatti (Negredo, 69').

0 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Etxeita, Laporte, Balenziaga, De Marcos, Mikel Rico, Iturraspe, Viguera (Kike Sola, 79'), Unai López (Ibai Gomez, 52') eta Guillermo (Beñat, 38')