Itxi

Athletic Club

Alcoyanori buruz

Valverde: 'Uste baino kanporaketa zailagoa da'

Erredakzioa

Valverdek orain arte "gutxiago jokatu dutenei" aukera emateko asmoa duela aitortu du, baina Kike Sola eta Toquero deialditik kanpo geratu dira berriro ere.

  • Valverde, Lezamako entrenamendu batean. Argazkia: EFE

    Valverde, Lezamako entrenamendu batean. Argazkia: EFE

Athleticek Alcoyanoren aurka jokatuko du, astearte honetan, Kopako final-hamaseirenetako joaneko partida (20:00), eta Ernesto Valverde zuri-gorrien entrenatzaileak hitzorduari buruz hitz egin du. "Uste baino kanporaketa zailagoa da, irabazteko gutxi eta galtzeko asko. Azpiko mailetako taldeek gauzak zail jartzen dituzte", esan du.

Valverdek ez du jarriko duen hasierako hamaikakoa aurreratu, baina orain arte "gutxiago jokatu dutenei" aukera emateko asmoa duela aitortu du. Iaz Iago Herrerinek defendatu zuen bilbotarren atea Errege Kopan, eta Valverdek bere lanarekin "pozik" dagoela adierazi du.

Guillermo Fernandezek lesionatuta jarraitzen du eta ezin izango du partida jokatu, eta Ander Iturraspe eta Mikel San Jose ere minduta daudela azaldu du Valverdek.

Txapelketari buruz, Kopak "ilusio" pizten duela aitortu du. "Real Madril, Bartzelona eta Atletico beste bide batean egoteak ez digu ezer esaten", gaineratu du.

Sola eta Toquero, deialditik at

Valverdek eskainitako deialdia: Iraizoz, Aurtenetxe, Laporte, Erik Moran, Beñat, De Marcos, Ibai, Bustinza, Iago Herrerín, Susaeta, Iraola, Mikel Rico, Gurpegi, Aduriz, Viguera, Aketxe.

Azpimarratzekoa da Kike Sola eta Toquero zerrendatik kanpo geratu direla, berriro ere. Antza, ligan gertatzen ari den bezala, ez dute Kopan aritzeko aukerarik izango.

Ustezko hamaikakoak:

Alcoyano: Jero; Joan Vich, Mario Fuentes, Oscar Lopez, Devesa, Isra, De Dios, César Remón, Carles Salvador, Javi Rubio, Alfaro.

Athletic Club: Herrerin; Iraola, Gurpegui, San Jose, Aurtenetxe; Moran, Rico; Susaeta, Aketxe, Ibai; Viguera.

Epailea: Prieto Iglesias

Futbol-zelaia: Collao

Ordua: 20:00