Athletic Club
San Mamesen
Athletic-Reala, gaur, euskal derbia
Agentziak | Erredakzioa
San Mamesera helduko da euskal derbirik handiena, baina bi egoera ezberdinekin harrapatu ditu taldeak: Athletic 7. posturako borrokan dago, eta Realak ez du helbururik denboraldi bukaeran.
-
Mikel Rico eta Chory Castro, San Mameseko azken derbian / EFE.
Athletic eta Reala buruz buru arituko dira, gaur, 22:00etan, euskal derbi handienaren beste kapitulu batean. San Mamesek bi taldeak hartuko ditu, egoera ezberdinetan. Athleticek zazpigarren postua bereganatu nahi du. Malaga dago, puntu bakarrera. Realak urrun ditu jaitsiera postuak, baina baita Europakoak ere.
Bolada onean daude zurigorriak, zazpi garaipenekin hamar partidatan eta 22 puntu lortuta azken 30etatik. Egoera honek zazpigarren postua nahi izatera eraman du Ernesto Valverderen taldea. Europa Ligan sailkatuko litzateke horrela. Malagak, puntu bat gehiagorekin, emaitza txarrak izan ditu azken boladan, eta borroka horretan ahuldu da.
Iker Muniain eta Ibai Gomez, lesionatuta, eta Xabi Etxeita, zigortuta, ez dira prest izango. Carlos Gurpegik, ziur aski, erdiko atzelari bezala jokatuko du. Borja Viguera, Markel Susaeta eta Andoni Iraola dira Ibai ordezkatzeko aukerak dituztenak.
Izan ere, ez dago argi Aritz Adurizen atzetik jokatuko duen hiruko linea. Iñaki Williamsi atsedenaldia eman diezazioke Valverdek, eta ez da ziurra Ager Aketxek hamaikakoak errepikatzea.
Mikel Balenziaga, osatuta, hamaikakora itzul daiteke. Ander Iturraspe ere osasuta dago, baina Mikel San Jose oso ondo aritu da postu horretan. Beñat ere Mikel Ricoren aurretik dago.
Reala bolada txarrean helduko da San Mamesera. Ez ditu emaitza onak izan, eta sentsazioak okerragoak izan dira. 3 puntu eskuratu ditu azken 15etik, eta gainera, arazo larriak ditu gola sartzeko. Azken bietan ez du sartu.
David Moyesen taldeak ez du aurkitu denboraldi bukaera honi aurre egiteko motibazioa, helbururik gabe. San Mames jokoa eta irudi ona berreskuratzeko aukera ona izan daiteke Realarentzat. Azken bost derbietan, bost garaipen eta bi berdinketa lortu dituzte donostiarrek.
Joseba Zaldua, zigonatuta egon ostean, prest egongo da Moyesentzat. Carlos Vela titularra izango da, arazorik gabe jokatu zuelako Vila-realen aurka. Sergio Canales ere hamaikakora itzultzeko aukera dago.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Iraola, Susaeta, Viguera; eta Aduriz.
Reala: Rulli; Zaldua, Iñigo Martinez, Mikel Gonzalez, De la Bella; Granero, Pardo, Xabi Prieto; Zurutuza edo Canales, Vela eta Agirretxe.