Itxi

Athletic Club

Europa Liga / 1. jardunaldia

Athleticen hiru golek Augsburgen kontrako neurketa irauli dute

Mikel Dominguez | eitb.eus

Adurizen bi golek eta Susaetaren batek buelta eman diote markagailuari, multzoen faseko lehenengo partidan, eta zuri-gorriek lehen hiru puntuak eskuratu dituzte.

1:31

Lehen zatiko akatsei buelta emateko gai izan da Athletic, Europa Ligan lehenengo hiru puntuak eskuratzeko, eta, horrela, L Multzoko buruan jarri da. Zuri-gorriak Augsburg baino gehiago izan dira bigarren zatian.

Nagusitasuna eta lehenengo aukerak Athleticenak izan dira. Adurizek eta Beñatek kanpora bidali dute baloia lehen minutuetan, baina 15.ean erabat aldatu da partida. Zuri-gorriek baloia oparitu diote Altintopi, eta aurrelariak ez du arazorik izan baloia sareetara bidaltzeko.

Augsburg aurretik jarri ostean, Athletic jota geratu da. Baloiak galtzen hasi da, eta alemaniarrek kontrolpean izan dute borroka. Atzean sendo aritu dira aurkariak, eta Athleticek ezin izan du abagunerik sortu.

Augsburgek, nagusi, ez du presarik izan, eta zuri-gorrien akatsak baliatu ditu aukera errazak sortzeko. Galduta ibili da Athletic. Baloiarekin edo kontraerasoan, arriskutsuagoak izan dira alemaniarrak.

Herrerinek eta faltek salbatu dute Athletic. 34. minutuan, bilbotarraren esku batek Augsburgek bigarrena egitea saihestu du. Azkar erantzun du atezainak.

Atsedenaldia baino lehen, Raul Garciak aukera garbia izan du. Adurizek atzean utzi dio baloia, erdiraketa urrun baten ostean, baina nafarrak ez du asmatu. Jokaldi isolatua izan da, bavariarren nagusitasunaren erdian.

Beste neurketa bat

Bigarren zatian, baina, dena aldatu da. Augsburgen hasierako nagusitasunari azkar erantzun dio Athleticek. 55. minutuan, korner jaurtiketa bat bikain errematatu du buruz Adurizek. Hitz atezainak baloia ukitu du, baina ezin izan du gelditu.

Taldearen jokoa aldatuta, San Mamesek ilusioa berreskuratu du, eta hamar minutu geroago, bigarrena egin du donostiarrak. Meritua Susaetarena izan da, jokaldi eder baten ostean etorri baita gola.

Gutxi behar izan du Athleticek partida kontrolatuta izaten jarraitzeko. Herrerinek egindako lan bikainari esker eutsi diote errentari zuri-gorriek, eta alemaniarrek indarra galdu dute. Susaetak, gainera, zeresana baduela erakutsi du, eta gol ederra sartu du 89.ean. Ondorioz, 3 puntuak Bilbon geratu dira.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iago Herrerin; De Marcos, Etxeita, Laporte, Lekue; Elustondo (Rico, 46. min), Beñat; Susaeta, Raul Garcia (Gurpegui, 80. min), Ibai Gómez (Sabin Merino, 63. min); eta Aduriz.

Augsburg: Hitz; Verhaegh, Callsen-Bracker, Klavan, Feulner; Baier; Esswein, Kohr (Trochowski, 72. min), Altintop (Koo, 59. min), Ji; eta Matavz.

Golak: 0-1, 15. min: Altintop. 1-1, 50. min: Aduriz. 2-1, 66. min: Aduriz. 3-1, 89. min: Susaeta.