Athletic Club
Atletico Madril-Athletic
Iraizoz eta Beñat jokatzeko prest; Aduriz zalantza da
Erredakzioa
Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak esan duenez, "ez dakigu Aritz Aduriz hasieratik jokatzeko prest egongo den, min hartuta dabil eta". San Joseren baja izango du talde bizkaitarrak.


Athleticek Atletico Madrilen aurka jokatuko du igande honetan (18:15ean) Vicente Calderonen. Raul Garcia bere talde ohiaren aurka lehiatuko da, Athleticekin fitxatu ostean.
Astean zehar arazo fisikoak izan dituzten Iraizoz atezaina eta Beñat sendatuta daude, eta hasierako hamaikakoan izango dira. Aritz Aduriz, ordea, zalantza izango da azken ordura arte. Ernesto Valverde Athleticeko enterenatzaileak adierazi duenez, "ez dakigu Adurizek hasieratik jokatu ahalko duen. Min hartuta dabil, eta azken unera arte itxaron beharko dugu".
Bestalde, San Jose baja izango da Malagaren aurkako partidan txartel gorria ikusi baitzuen, eta Iturraspek jokatuko du bere ordez. Laportek bete du partida bateko zigorra eta Athleticeko erdiko defentsa osatuko du Xabier Etxeitarekin batera. Iñaki Williams ere hasierako hamaikakora itzuliko da AZ Alkmaarren aurkako partidan atseden hartu ostean. Susaeta, aldiz, zalantza da.
Partida hasi aurretik Auxik eta Garik, transplanteak jaso dituzten haurrek, bi taldeetako kapitainen elastikoak jasoko dituzte. Auxi Atletico Madrileko zalea da, eta Gari Athleticekoa. Atletico Madrilek Calderonera gonbidatu ditu partida ikus dezaten.
Ustezko hamaikakoak:
Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Giménez, Godín, Filipe; Saul, Gabi, Koke; Griezmann, Vietto eta Carrasco.
Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Beñat; Williams, Raul Garcia, Susaeta; eta Aduriz.
Epailea: Martinez Munuera.
Zelaia: Vicente Calderon.