Itxi

Athletic Club

2-1

Bilbao Athleticek Oviedori irabazi eta salbazioa sei puntura du

Erredakzioa

Asturiaseko taldea irabazten hasi da Tocheren golari esker (0-1), baina zuri-gorriek emaitzari buelta eman diote Gilen eta Seguinen golekin.

Bilbao Athleticek 2-1 irabazi dio Oviedori San Mamesen eta garaipen honi esker salbazioa lortzeko esperantza mantentzen dute zuri-gorriek. Jaitsiera postuetatik at dagoen Huesca (33 puntu) sei puntura du orain Zigandak zuzentzen duen taldeak.

Oviedok ondo ekin dio partidari eta abagune argia izan du Tocheren bitartez, 12. minutuan. Aurrelariak kale egin du lehen aukeran, baina 17. minutuan ez du Bilbao Athleticek egin dion oparia alferrik galdu; Yerayk baloia buruz atezainari eman nahi izan dio, baina Tochek aurrea hartu du, eta 0-1ekoa sartu du. Talde asturiarrak bigarren gola lortzeko abagunea izan du 23. minutuan, baina Remiro atezainak Oviedoren gola eragotzi du. Bisitariek barkatu egin dute, eta Bilbao Athleticek ezer gutxi egin du lehen zatian. 35. minutuan, ordea, Aketxek falta dotore atera eta Gilek sare barrura bidali du errematea, banakoa eginez (1-1).

Bigarren zatian Bilbao Athleticek hobeto jokatu du, eta Oviedo baino gehiago izan da. 63. minutuan, penaltia eskatu dute zuri-gorriek, baina epaileak ez du ezer adierazi. Hamar minutu beranduago, 73.ean, Villalibrek jokaldi bikaina egin eta atezainaren aurrean bakarrik geratu denean, kanpora bidali du errematea. Zorionez, bi minutu geroago, 75. minutuan, Seguinek 2-1ekoa sartu du. Bilbao Athleticeko jokalaria area barruan sartu da, bere jaurtiketak aurkari batengan jo eta Oviedoko atezaina gainditu du.

Bigarren golak lasaitasuna eman dio etxeko taldeari eta Oviedo urduri jarri du. Hector Verdesek bigarren txartel horia ikusi du 84. minutuan eta horrek lanak erraztu egin dizkio Bilbao Athletici. Zuri-goriek ez dute estuasunik pasa azken minutuetan eta hiru puntuak eskuratu dituzte.

Fictxa teknikoa:

2 - Bilbao Athletic: Remiro; Jon Iru, Yeray, Gil, Saborit; Guarrotxena (Cordoba, 72. min), Unai Lopez, Vesga, Seguín (Unai Bilbao, 92. min); Aketxe (Olaetxea, 87. min) eta Villalibre.

1 - Real Oviedo: Esteban; Fernandez, David Fernandez, Verdes, Peña; Susaeta, Erice (Linares, 78. min), Michel, Borja Valle (Hervias, 57. min); Kone (Edu Bedia, 57. min) eta Toche.

Golak: 0-1, 17. min: Toche. 1-1, 36. min: Gil. 2-1, 76. min: Seguín.

Epailea: Ruiperez Marin.