Itxi

Athletic Club

50 milioi euro

Manchester Cityk Aymeric Laporteren etete klausula ordainduko du

eitb.eus

Pep Guardiolak zuzenduko duen taldeak defentsa zuri-gorria nahi du datorren denboraldirako. Athleticek badaki etete klausula ordainduko dutela.

1:36

ETBk jakin ahal izan duenez, Athleticek badaki Manchester Cityk Aymeric Laporte nahi duela eta 50 milioi euroko etete klausula ordainduko du Ingalaterrako taldeak.

Atzelari frantziarra Pep Guardiolak eskatutako jokalaria da, Europako talde handiek bere taldean nahiko luketena. Athleticen badute horren berri, Josu Urrutia presidentea eta Ernesto Valverde entrenatzailea barne. Badakite jadanik, Manchester Cityk etete klausula ordainduko duela eta Laportek Premierrera alde egingo duela udan.

Talde ingelesaren kirol zuzendaria, Txiki Begiristain San Mamesen izan zen apirilaren 7an Athletic-Sevilla partida ikusten eta jokalariaren gainean zuten asmoaren berri eman zuen.

Guardiolak eskatutako jokalaria da. Frantziarrari ez zaio nobiarik falta izan eta Athleticek lau aldiz berritu eta handiagotu dio kontratua. Gaur egungoa 2019ko ekainaren 30a artekoa da.

Proiekzio handiko jokalaria

Jokalariaren proiekzioak Europako talde handien arreta jaso du. Barça, Bayern, United edota PSG aipatu izan dira baina Cityra joango da azkenean. Martxoan, Frantziako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatzen ari zela lesionatu zen eta errekuperazio lanetan dihardu gaur egun Lezaman Laportek.

Testuinguru honetan, eta Laporte Cityra joango dela jakitun, Athleticen asmoa Iñigo Martinezen 30 milioiko etete klausula ordaintzea zen, jokalariaren eta Realaren arteko negoziazioak kale eginez gero. Bilbo aldean frantziarraren errelebo naturaltzat jotzen zuten txuri-urdina.

Orain ordea, Athleticek filialera jo beharko du Laporteren hutsunea betetzeko. 16 urterekin heldu zen Lezamara Aimeric Laporte eta 22rekin alde egingo du Ibaiganeko kutxan 50 milioi laga eta gero.

Athleticekin jokatutako partidak

Liga 109 partida, 5 gol

Kopa 15 partida, 2 gol

Europako Kopa / Txapeldunen Liga 7 partida, 0 gol

UEFAko Kopa / Europa Liga 16 partida, 0 gol

Superkopa 2 partida, 0 gol

Guztira

4 denboraldi

149 partida

7 gol

 

 

 

>