Itxi

Athletic Club

9tik 7 garaipen

Torino, San Mamesen garaipena lortu duen Italiako talde bakarra

Erredakzioa

Athleticek Sassuolo izango du aurkari ostegunean Europa Ligan. Bederatzi aldiz jokatu dute talde italiarrek Bilbon, eta zuri-gorriek zazpi aldiz lortu dute garaipena.

  • Athletic-Torino. Argazkia: EFE

    Quagliarellaren penalti jaurtiketa 2015eko Athletic-Torino partidan. Argazkia: EFE

Athleticek ostegunean jokatuko du Sassuoloren aurka Europa Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko partida. Zuri-gorriek garaipena behar dute aurrera egiteko aukerekin jarraitzeko edota final-hamaseirenetarako txartela lortzeko.

Bederatzi aldiz jokatu dute talde italiarrek San Mamesen txapelketa ofizialetan eta Athleticek zazpi garaipen, berdinketa bat eta porrot bat erdietsi ditu. Hiri berdineko bi talde dira hain zuzen Bilbon porrotik jaso ez duten talde bakarrak; Torino eta Juventus. Juveren kasuan porrotak ere jaso ditu San Mamesen, baina 1998an, Txapeldunen Ligan, golik gabe berdindu zuten. Torinok, aldiz, garaipena lortu zuen 2015. urteko otsailan eta Athletic Europa Ligatik kanporatu zuen final-hamaseirenetan. Kanporaketa horretan, zuri-gorriek bina (2-2) berdindu zuten Italian jokatutako joaneko partidan eta itzulerakoan Torinok irabazi egin zuen, 2-3ko emaitzarekin. Quagliarellak, Maxi Lopezek eta Darmianek sartu zituzten italiarren golak; Iraolak eta De Marcosek, Athleticenak.

Juventusek beste bi alditan ere jokatu zuen San Mamesen. 1977. urtean talde bizkaitarrak 2-1 irabazi zion Juventusi UEFAko finalaren itzulerako partida, baina joanekoan 1-0 galdu zutenez, italiarrak izendatu ziren txapeldun. 1988-1989. denboraldian ere Athleticek 3-2 irabazi zion Juveri UEFAko final-hamaseirenetako itzulerako norgehiagoka, baina Dino Zoffek zuzentzen zuen taldeak 5-1 irabazi zuenez joaneko partida Juvek egin zuen aurrera txapelketan.

San Mamesen jokatu zuen Italiako lehen taldea Milan izan zen. Riveraren eta Capelloren taldeak 1976. urtean jokatu zuen Katedralean UEFAko partida. Final-zortzirenetako joaneko partida hura 4-1 irabazi zuten zuri-gorriek eta itzulerakoan aurrera egin zuten San Siron (3-1) estuasun askorekin izan bazen ere. Zuri-gorriak 3-0 galtzen ibili ziren, eta 3-1 irabazita Milan kanporatu zuten.

Parmak bi aldiz jokatu zuen San Mames zaharrean. 1994-1995. urtean 1-0 galdu zuten italiarrek UEFA txapelketan eta hamar urte beranduago porrota jaso zuten 2-0eko emaitzarekin. 1997-1998. denboraldian Athleticek 2-0 irabazi zion Sampdoriari.

San Mames zelai berrian bi talde italiarrek besterik ez dute jokatu: Napolik eta Torinok. Napoliko taldeak 3-1 galdu zuen Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako itzulerako partida, joanekoa bana (1-1) berdindu ostean.


/>

/>

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic