Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek markagailua irauli dio Sassuolori, eta sailkapena lortu du

Mikel Dominguez | eitb.eus

Zurigorriek multzoko fase irregularrari bukaera ona jarri diote. Jardunaldi baten faltan, final-hamaseirenetan daude. Raul Garciak, Adurizek eta Lekuek egin dituzte golak.

3:28

Europa Ligako final-hamaseirenetan dago Athletic, Sassuolori irabazita (3-2). Galtzen hasi da, markagailua irauli du gero, baina ezin izan du bukaerara arte lasai geratu.

Ezin hasiera kaskarragoa. Akats zerrenda zorigaiztoko batek aurretik jarri du Sassuolo, eta beldurra San Mameseko harmailetan. Laporteri baloi batek ihes egin dio, eta italiarren aurrelariak hartu du. Horrek jaurti egin du, ez gola sartzeko asmoekin, baina Herrerini ere ihes egin dio pilotak, eta barrura bidali du, bere atean, Balenziagak.

Zurigorriak segituan berpiztu dira, eta lehen zatian korner festa bat bihurtu dute. 13 egon dituzte, eta Sassuolok bat ere ez. Berdinketaren gola horietako batean heldu da, 10. minutuan. Beñatek jaurti du, eta Raul Garcia izan da golegilea, buruz.

Athleticek baloia mantendu du, aurkariari aukeraren bat utzi dion arren. 13. minutuan, Ragusa zutoinetik gertu joan zaio, ezker hegaletik egindako jokaldi baten ostean.

Williamsek zurigorriak aurretik jartzeko bi abagune izan ditu. 16 minutuan, italiarren atezainak urrundu du, eta hurrengo jokaldian, bilbotarrak kanpora bidali du.

Argiena 33.ean heldu da, eta Muniain izan du protagonista. Txantreakoak arearen ertzetik jaurti du, baina Consigli ondo aritu da eskuekin. Atsedenaldira nagusitasun osoz joan da Athletic.

Itzultzean, saria izan dute saiakerek. Williamsek jokoa ireki du eskuin hegaletik, baina gola beste korner batean heldu da. Adurizek egin du bigarrena, buruz.

Bilboko emaitza eta Genken garaipenarekin Rapid Wienen kontra, zurigorriak sailkatuta zeuden. Hala ere, ezin izan dute neurketa kontrolpean izan, markagailua alde izan arren.

Bukaera zoroa eta sailkapena

10 minutu falta zirenean, Iñigo Lekuek lasaitasuna jarri du harmailetan. Baloi luze batean, ezker hegalean agertu da kontrako aldean jokatzen duen atzelaria, eta hirugarrena lortu du.

Gutxi iraun du pozak, lehoiak txarto ibili direlako atzean. Europa Ligako gidoia aldrebesa izan da, hasieratik bukaerara arte. Ragusok Sassuoloren bigarrena egin du, eta urduritasuna itzuli da San Mamesera. Azkenean, Athletic final-hamaseirenetara igaro da, jardunaldi bat falta arren, baina beti arriskuan egon denaren sentsazioarekin.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iago Herrerín: Lekue, Yeray, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat; Williams (Bóveda, m.61), Raúl García, Muniain (Mikel Rico, m.72); eta Aduriz (Sabin Merino, m.88).

Sassuolo: Consigli; Lirola, Cannavaro, Acerbi, Gazzola; Magnanelli, Biondini (Matri, m.70), Pellegrini (Missiroli, m.69); Ricci, Ragusa eta Defrel (Politano, m.77).

Golak: 0-1, m.2: Balenziaga, bere atean. 1-1, m.9: Raúl García. 2-1, m.58: Aduriz. 3-1, m.79: Lekue. 3-2, m.83: Ragusa.

, m.83: Ragusa.