Itxi

Athletic Club

Baikor eta gogotsu

Beñat: 'Gure onena emango dugu Europan jarraitzeko'

A.B.

Athleticek Alavesen aurka jokatuko du denboraldi-aurreko azken partida, larunbatean, eta Europa Ligako kanporaketako joaneko partida, ostegunean. Beñat Etxebarria baikor azaldu da.

6:53

Athleticek lansaioa egin du ostegun honetan Lezaman, eta Beñat Etxebarria izan da protagonista prentsa-aretoan. Igorreko erdilaria baikor azaldu da Europa Ligako atariko azken kanporaketari begira.

"Europan jarraitu nahi dugu. Parte hartzen dugun txapelketa guztietan gure onena eman nahi dugu. Larunbateko neurketaren ondoren hasiko gara osteguneko partida prestatzen, oraindik denbora daukagu. Badakigu Grezian giro paregabea izango dela, baina gu gurera egon beharko gara, irabaztera goaz. Gure mailan jokatzen badugu, oso aurkari gogorra izango gara", adierazi du Beñatek Panathinaikosen aurkako partidari buruz.

Erdilari zuri-gorria sasoiko dago, denboraldi ona egin nahi duela esan du, eta ondoan edozein taldekide duela gustura jokatzen duela: "Pertsonalki ondo nago, fisikoki ondo eta konfiantzarekin. Denboraldi ona egin nahi dut. Edonor daukadala alboan, gustura jokatzen dut".

Taldekideak ere ondo ikusten ditu Beñatek, eta Ziganda eta Valverde antzekoak direla uste du: "Taldea ondo dagoela uste dut, ondo ari da lanean. Lagunartekoek eta gainerako partidek sentsazio onak eman dizkigute. Gure maila ematen badugu, aurkari gogorra izango gara edozeinentzat. Valverde eta Ziganda antzekoak dira, gauza txikiak dira bereizten dituztenak".

"Zigandak gogoan duen jokaldia egiten saiatzen naiz. Zorionez, gainera, errematatzaile onak ditugu jokaldiak biribiltzeko", gaineratu du estrategia jokaldiei buruz galdetuta.

Bestalde, Athleticek Alavesen aurka jokatuko du larunbatean Lasesarren, Euskal Herriko Kopako partida, eta horretaz ere aritu da Beñat: "Larunbatekoa derbi polita izango da. Irabaztera irtengo gara, ondo etorriko zaigu sentsazio onak hartzeko".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic