Itxi

Athletic Club

San Mamesen

Athletic-Mallorca (3-0): Etxeko lehen garaipena

Josu Bilbao

Erredakzioa

Bilboko taldeak garaipen garantzitsua lortu du Mallorca ahul baten aurka. David Lopezek, San Josek penaltiz eta Iñigo Perezek lortu dituzte garaipenaren golak.

Athleticek 3-0 sendo bat lortu du Mallorcaren aurka, eta zaleek etxeko lehen garaipena ikusi ahal izan dute. Mallorcak itxura kaxkarra erakutsi du San Mamesen eta bizkaitarrek erraz lortu dute 3-0eko garaipena. David Lopezen erdiraketa zuzenean joan da golera partidako 40. minutuan eta hortik aurrera ondo jarri zaio partida Athletici. Bigarren zatian San Josek, penaltiz, eta Iñigo Perezek lortu dituzte golak.

Zuri-gorriek lasai hasi dute partida, baloiaren jabetza lortu nahian eta erritmo geldoagoa lortu nahian. Hasierako minutuak korapilatsuak izan dira baina bilbotarrek aukerak izan dituzte Aouateren ate inguruan. Javi Martinezek bi jaurtiketa kanpora bidali ditu eta gainera Aouate atezaina oso sendo agertu da jokaldi guztietan. Mallorca pixkanaka partidan sartzen joan da eta Laudrupen taldeak norgehiagokaren kontrola lortu du. Kanpokoen kontrola argia izan da baina ez dituzte ia gol aukera garbirik sortu.

Igor Martinezek aukera paregabea izan du partidako 37. minutuan, baina Israelgo atezainak ederki gelditu du bere jaurtiketa. Lehen zatia bukatzeko 4 minutu falta zirela, Athleticek ustekabeko gola lortu du markagailuan 1-0ekoa jarriz. David Lopezen erdiraketa zuzenean sartu da Aouateren ate barrura Llorentek izkin egin eta gero. Atsedenaldira bizkaitarrak aurretik joan dira markagailuan, nahiz eta gol aukera gutxi izan.

Bigarren zatian Michael Laudrupen mutilak inetsitate gehiagorekin irten dira zelaira eta jokoa kontrolatzen saiatu dira. Caparrosen mutilak ondo egon dira atzealdean eta balearrak ezin zan dira Iraizozen atera arriskuz heldu. Zuri-gorriak partida kontrolatzera pasatu dira bigarren zatiko erdialdetik aurrera eta aukerak sortzen hasi dira. Apurka, Athletic gora joaten hasi da eta hegaletatik heldu da arriskua, Muniainekin eta Susaetarekin. Partidako 61. minutuan, Nunesek eskuarekin jo du baloia area barnean eta Teixerira Vitienes epaileak penaltia adierazi du. Mikel San Josek penaltia ederki jaurti du eta 2-0ekoa jarri du markagailuan. 2-0ekoarekin, bilbotarrak eroso egon dira zelaian eta ez dute Mallorca Iraizozen ingurura hurbiltzen utzi.

Mallorcak ez ditu ia abagunerik sortu bigarren zatian, itxura kaxkarra emanez, eta bizkaitarrek kontraerasoak aprobetxatu dituzte. Llorentek aukera ederra izan du 3-0ekoa lortzeko, baina errioxarrak jaurtitzea erabaki du, De Marcos bakarrik egon arren, eta jaurtiketa Aouatek gelditu du. 91. minutuan, Iñigo Perezek hirugarren gola lortu du aldaratze bat aprobetxatu ostean. Garaipen honekin, Bilboko taldeak 7 puntu lortu ditu, Bartzelona etxean hartu baino lehen.