Itxi

Athletic Club

OStegunean, Alemanian

Athleticeko zaleen segurtasuna koordinatuko du Ertzaintzak Berlinen

Agentziak | Erredakzioa

Ertzaintzako bi agente Alemaniako hiriburura joango dira, bertako polizia-arduradunekin zale zuri-gorrien segurtasunerako eta laguntzarako neurriak koordinatzeko.

  • Athleticeko jarraitzaileak. Artxiboko argazkia: EFE

    Athleticeko jarraitzaileak. Artxiboko argazkia: EFE

Ertzaintzako bi agentek aurrea hartuko diete Berlineko Olympiastadion futbol-zelaian ostegun honetan Hertha BSC eta Athleticen artean jokatuko den partida ikustera bidaiatuko duten zale bilbotarrei. Aurreikuspenen arabera, 700 jarraitzaile bertaratzea espero da Europa League txapelketako multzoen faseko lehen partida hori zuzenean jarraitzera. Koordinazioa izango da bi ertzain horien egitekoa, eta Alemaniako poliziaren eta zale zuri-gorrien arteko lotura izango dira.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, azken aste hauetan Alemaniako poliziarekin izan da harremanetan aipatu partidarako segurtasun-neurriak koordinatzeko.

Horrenbestez, Alemaniatik Ertzaintzari helarazitako jarraibideen artean nabarmentzekoak dira estadioaren sarbideetan aplikatu beharreko segurtasun-neurri zorrotzekin lotzen direnak. Hori dela eta, behar besteko aurrerapenez iristea eskatzen dute, ezarritako onarpen-kontrol handiak zeharkatzeko.

- Estadiora sartzeari eta estadiotik irteteari dagokionez, zaleei gomendatzen zaie Olympischer Platz plazako aparkalekua saihestea (bertako zaleen sarrera) eta, ahal den heinean, Passenheimer Str. kaleko aparkalekua erabiltzea. Autobus antolatuan iristen diren zaleek Jesse-Owens-Allee hiribidean aparkatu ahal izango dute.

- Inguru horretan dago, halaber, S-Bahn Olympiastadion tren-geltokia, eta bertara zuzenean iristen da hirigunetik, S-Bahn S 5 edo S 75 tren-lineen bidez. Bisitarien sarrera Coubertinplatz plazan dago, eta estadiora soilik Hegoaldeko atetik sartu ahal izango dira, 19:00etatik aurrera. Ezin izango dute beste ate batzuetatik sartu.

- Kasu jakin batzuetan, beharrezkoa izan daiteke zaleen talde handiek poliziaren babesa izatea alboetatik, haien segurtasuna bermatzeko eta taldeen arteko zaleak elkarren artetik bereizteko.

- Bestalde, nabarmendu dute ez dagoela baimenduta estadiora sartzea DIN A4 orri bat baino handiagoak diren poltsekin edo motxilekin; edonola ere, objektu horiek estadiora sartu aurretik gordetzeko aukera izango da.

- Era berean, zaleei gomendatzen zaie edozein gorabeherarik izanez gero, klubeko arduradunekin harremanetan jartzea, klubeko ordezkariek harreman zuzena baitute polizia-bitartekariekin. Era berean, dei berezia egin diete zaleei indarkeria-ekintzak eragin ditzaketen pertsonengandik argi urruntzeko, haien jarrerak zehaztuko baititu polizia-ekintzak.

Argibide eta gomendio horiei guztiei Ertzaintzak egiten dituen gomendioak gehitzen zaizkie, eta zaleei helarazi nahi zaizkie guztiak. Berlingo estadioaren arauen arabera, alkoholaren eraginpean egotearen zantzu argiak dituzten pertsonak ezin izango dira estadioan sartu. Estadiora sartzeko aukera uka diezaiekete zaintza-zerbitzuak.

Gogorarazi nahi da debekatuta dagoela material piroteknikoa eramatea eta erabiltzea, baita lesioak eragin ditzakeen beste edozein objektu ere. Guztiz debekatuta dago estadiora horrelakoak sartzea. Segurtasuna tarteko, zaintza-zerbitzuak ikuskapen handiak egingo ditu estadioaren sarreran, leihatilak irekitzen direnetik partidaren hasierara arte.