Athletic Club
Igandean, 18:30ean
Zigandak aldaketak iragarri ditu Las Palmasen aurkakorako
Erredakzioa
Athleticek talde kanariarraren kontra jokatuko du igande honetan, 18:30ean. Kepa Arrizabalaga eta Beñat hamaikakora itzuliko dira.
Athleticek Las Palmasen aurka jokatuko du igande honetan, 18:30ean, Kanaria Handia zelaian. Jose Angel Ziganda entrenatzaileak aldaketak iragarri ditu ostegunean Hertha Berlinen aurkako partidan atera zuen hamaikakoarekin alderatuta.
"Aldeketak egongo dira. Ez dugu denbora askorik atsedena hartzeko eta beharrezkoa da aldaketak egitea", adierazi du talde zuri-gorriaren entrenatzaileak. Mikel Rico eta Oscar De Marcos baja dira, min hartuta baitaude.
Zigandak jokalari hauek deitu ditu Las Palmasen kontrako partidarako: Arrizabalaga, Boveda, Saborit, Laporte, San Jose, Beñat, Iturraspe, Muniain, Williams, Iago Herrerin, Susaeta, I.Lekue, X.Etxeita, Sabin Merino, Aduriz, Vesga, Raul Garcia eta Nuñez.
Kepa Arrizabalaga hamaikakora itzuliko da iragan astean gaixorik egon ostean eta Beñat Etxebarriak ere hasieratik jokatuko du Vesgaren tokia hartuz. Iturraspek ere jokatzeko aukerak izan ditzake San Joseren ordez. Nuñezek Etxeitaren tokia hartuko du. Balenziaga deialditik at geratu da, eta Saboritek jokatuko du ezker hegalean.