Itxi

Athletic Club

Mestalla (larunbata, 22:00)

Valentzia-Athletic: Toquero prest; Ustaritz, deialditik at

Erredakzioa

Caparrosen deialdian Amorebietaren ordezkoa izango zen Ustaritz falta da azken orduko lesio bategatik. Toquero deialdira itzuli da azken hiru partidetako lesioa ahaztuta.

Gaizka Toquero eta Mikel Balenziaga Athleticen deialdietara itzuliko dira eta Ibai Gomez estreinakoz sartu da Caparrosen deialdi batean, gaur jakinarazi baitu entrenatzaile sevillarrak Valentziaren aurkako partida jokatzeko 18 jokalariko zerrenda.

Hiru jokalari hauek zigortuta dagoen Fernando Amorebietaren eta teknikariaren erabakiagatik kanpoan gelditu diren Oscar de Marcosen eta Ander Iturrasperen lekua hartuko dute.

Amorebietaren ordezkoa izan zitekeen Ustaritz zerrendatik at gelditu da, belaunetako batean arazoak baititu atzelari zuri-gorriak.

Berritasunen artean, aipagarria Toquerorena. Azken hiru partidetan deialditik kanpo izan ostean orkatileko lesio baten eta gihar-arazo baten ondorioz, deialdira itzuli da arabarra. Balenziaga, bestalde, bigarrenez sartu du Caparrosek deialdi batean aurtengo denboraldian.

Ibai Gomezek lehenengo taldearekin debuta egin dezake. Athletic B-rekin jokatzen ari da eta momentuz, taldeko golegilerik onena da, hiru gol sartu baititu sei partidetan Bigarren B Mailako taldearekin.

Toquerorekin, Balenziagarekin eta Ibairekin batera honako jokalari hauek osatzen dute zerrenda: Iraizoz eta Raul atezainak; eta San Jose, David Lopez, Llorente, Gabilondo, Susaeta, Iraola, Orbaiz, Gurpegui, Aitor Ocio, Javi Martínez, Igor Martínez, Muniain eta Aurtenetxe.

Aipatutakoez aparte, ez dira Mestallan egongo min hartutako Koikili eta Ustaritz; ezta Iñigo Perez, Castillo eta Velez, azken hauek teknikariaren erabakiagatik.