Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek hil ala biziko partida du jokoan Ostersunden

Agentziak | Erredakzioa

Zuri-gorriak ia behartuta daude biharko norgehiagoka irabaztera; izan ere,  lehen postua bost puntura daukate, eta bigarrena, bira. Neurketa, arratsaldeko 19:00etan.

  • Athelticek galdu egin zuen Zoryaren aurka Europa Ligako bigarren jardunaldian. EFE

    Athelticek galdu egin zuen Zoryaren aurka Europa Ligako bigarren jardunaldian. EFE

Athleticek partida erabakigarria jokatuko du ostegun honetan Suedian, Europa Ligako multzoen faseko partidan. Östersunds Fotbollsklubb talde ezezaguna izango du aurrez aurre, J Multzoko ustekabeko liderra dena.

Zuri-gorriek, ostera, lehen postua bost puntura daukate, eta bigarrena, bira. Horrenbestez, ia behartuta daude biharko norgehiagoka irabaztera, eta horretarako lehiaketa honetan bikain ari den aurkariari eta Jämtkraft Arena futbol-zelaiko belar artifizialari egin beharko diote aurre.

Ostersunden zelaiak 8.500 ikusle ingururentzat dauka lekua, eta bihar ia beteta egon daiteke. Hain zuzen ere, zelai hori da talde suediarraren baliabide garrantzitsuenetakoa Europan, jokatu dituen lau partidak irabazi baititu bertan, gol bat bera ere jaso gabe.

Zigandak eskura dituen ia jokalari guztiak eraman ditu berekin, azken lehietan hasierako hamaikakoetan zelairatu ohi izan den Mikel San Jose izan ezik.

Hori horrela izanik, eta kontuan hartuta Europa Ligan Iago Herrerinek jokatu ohi duela atezain gisa, eta Xabi Etxeita Aymeric Laporteren aldamenean aritzen dela, biharko hamaikakoak gutxienez hiru aldaketa izango ditu, Sevillaren kontra larunbatean azaldutakoarekin alderatuta.

Zalantzetako bat da nor izango duen Mikel Vesgak alboan: Ander Iturraspe edo Beñat Etxebarria, edota ez ote duten bizkaitar erdilari biek hasieratik jardungo, Vesga aulkitxoan utzita.

Goian, ia segurua da larunbatean bigarren zatian zelairatu zen Iñaki Williamsen itzulera. Denboraldi hasiera honetan arreta pizten ari den Iñigo Cordobaren ordez aterako litzateke aurrelaria.

Alabaina, errotazioak ez dira erraz aurreikustekoak, eta hasiera batean aulkitxoan gera daitezke ere Markel Susaeta kapitaina, Raul Garcia edo Aritz Aduriz. Dena dela, partidaren garrantzia aintzat hartuta, izan daiteke hirurak hasieratik aritzea.

Ostersund, bere aldetik, bere ligako azken txanpan dago, eta bosgarren tokian dago, datorren denboraldiko Europa Ligarako sailkatzeko borrokan.

Aurtengo multzoen fase honetan Herthari gailendu zitzaion etxean 1-0 bigarren jardunaldian, eta aurretik Zoryari irabazi zioten Ukrainan (0-2).

Fitxa teknikoa:

Balizko hamaikakoak:

Östersunds FK: Keita; Mukiibi, Papagiannopoulos, Petterson, Widgren; Edwards, Nouri, Fritzson, Sema; Gero eta Ghoddos.

Athletic Club: Herrerin; Boveda, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Vesga, Iturraspe; Williams, Raul Garcia, Cordoba; eta Aduriz.

Epailea: István Kovács (RUM).

Futbol-zelaia: Jämtkraft Arena.