Itxi

Athletic Club

2-2

Athleticek puntu bakarra eskuratu du Deportivoren aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriek bina (2-2) berdindu dute Riazorren. Bi aldiz jarri dira aurretik markagailuan, baina talde galiziarrak birritan lortu du neurketa berdintzea.

  • Deportivo-Athletic Club. Argazkia: EFE

    Borges eta Iturraspe, Deportivo-Athletic partidan. Argazkia: EFE

Athleticek puntu bakarra lortu du Deportivoren aurka bina (2-2) berdindu ostean Riazorren. Defentsan egindako hutsen ondorioz, berdinketa oparitu dio talde galiziarrari. Honenbestez, 13 punturekin geratzen da Athletic sailkapenean eta ez da jaitsiera postuetatik aldentzen.

Talde zuri-gorriak ondo ekin dio partidari. Baloiaren jabe izan da Athletic lehen minutuetan eta nagusitasun horrek saria jaso du 13. minutuan; Adurizek orpoz utzi dio baloia Susaetari eta honek ondo gainditu du Ruben atezaina (0-1). Golaren ostean, ordea, Athletic atzean sartu da, eta Deportivo abaguneak sortzen hasi da. Adrianek eman du lehen abisua, kanpora joan den burukada batekin. Minutu batzuk beranduago, Adrianek berak jokaldi ona egin eta Kepa atezainak gelditu du bere jaurtiketa. Deportivok erasora jo du, eta talde zuri-gorria atzetik ezin irtenda ibili da. Neurketako 26. minutuan Iturraspek atepetik atera du baloia Deportivoren gola eragotziz eta 34. minutuan Galiziako taldeak gola sartu du; kornerra motzean atera du Deporrek, Mosquerak egin du errematea, baloia Adrianek ukitu du, eta banakoa egin du (1-1). Etxeko taldearen golaren ostean, Athleticek aurrea hartzeko abaguneak izan ditu, baina ez du asmatu. 40. minutuan Ruben atezainak zuri-gorrien gola eragotzi du Laporteren errematea desbideratuta, minutu bat beranduago De Marcosen jaurtiketa kanpora joan da, eta atsedenaldira iritsi orduko, epaileak ez du ezer adierazi Albentosak baloia eskuarekin jo duen arren area barruan.

Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da. Bi taldeak baloiaren jabe izaten saiatu dira, eta asko kosta zaie abagune argiak sortzea. Lehen abagunea Athleticek izan du, eta berean, gola sartu du talde zuri-gorriak: Raul Garciak pasea eman du area barrura eta Williamsek 1-2koa sartu du, jaurtiketa gurutzatu baten bitartez. Gola sartu ostean, talde zuri-gorriak bi abagune izan ditu, baina Ricoren jaurtiketa kanpora joan da, eta Iturrasperanak zutoina jo du. Abagune hauen ostean, Deportivok jo du erasora eta 75. minutuan Fabian Scharrek partida berdindu du (2-2) korner batean errematea sare barrura bidalita. Huts galanta egin du Athleticek defentsan eta gola oparitu dio Deportivori. Bi minutu beranduago, Athleticek hirugarren gola sartzeko aukera izan du, baina Williamsek zutoinera bidali du errematea. Azken txanpan, partida joan-etorrikoa izan da, baina bietako batek ere ez du asmatu aurkariaren atea zulatzen. Hori bai, Deportivok abagune ona izan du azken minutuan; Juanfranek, ordea, gora bidali du errematea.

Fitxa teknikoa:

2 - RC Deportivo: Ruben Martinez; Juanfran, Schär, Albentosa, Fernando Navarro; Mosquera (Edu Exposito, min.46); Fede Cartabia (Carles Gil, min.85), Borges (Andone, min.63), Fede Valverde, Adrian Lopez; eta Lucas Perez.

2 - Athletic Club: Kepa; Boveda, Unai Nuñez, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico; Williams, De Marcos (Raul Garcia, min.54), Susaeta; eta Aduriz.

Golak: 0-1, min.15: Susaeta. 1-1, min.35: Adrian Lopez. 1-2, min.60: Williams. 2-2, min.76: Schär.

Epailea: Gonzalez Gonzalez.

zalez Gonzalez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic