Athletic Club
Sendatuta dago
De Marcosek lesioa gainditu eta normaltasunez entrenatu du
Erredakzioa
Oscar De Marcosek azken asteetan jokatu gabe mantendu duen lesioa gainditu du, eta taldekideekin btera egin du lan-saioa Lezaman. Bestalde, Balenziagak entrenatu gabe jarraitzen du.
-
Oscar De Marcos, Alavesen aurkako partidan. Argazkia: EFE
Oscar De Marcosek gaindituta du azken asteetan jokatu gabe mantendu duen lesioa eta astearte honetan arazorik gabe burutu du Athleticen entrenamendua Lezaman. Gainera, aukera asko ditu hasieratik jokatzeko Las Palmasen aurka, ostiralean.
Bestalde, Iker Muniainek bere sendatze-prozesuarekin jarraitzen du, eta bide honetik doa. Oraindik guztiz sendatzeko asko geratzen zaion arren, sentsazioak onak dira erdilariarekin. Entrenatu gabe jarraitzen duena Mikel Balenziaga da. Bi jokalari hauek baja ziurrak dira Las Palmasen aurkakorako.
Asteleheneneko entrenamenduan egon ez ziren Yeray Alvarez, Unai Nuñez eta Iñaki Williams jokalariak, lan-saioan izan dira astearte honetan. Gainera, Gironaren aurka debuta egin zuen Andoni Lopez ere lehen taldearekin entrenatu da.
Athleticek asteazkenean egingo du hurrengo lan-saioa San Mamesen, ateak itxita. Ostegunean asteko azken entrenamendua egingo du talde zuri-gorriak arratsaldeko 18:00etan, ateak itxita. Ostiralean, 21:00etan, Ligako 23. jardunaldiko partida jokatuko du Las Palmasen aurka San Mamesen.