Athletic Club
Santiago Bernabeun
Real Madril-Athletic (5-1): Liderrak ez du barkatu
Josu Bilbao
Erredakzioa
Caparrosen mutilek ezin izan dute ezustekoa eman, Mourinhoren taldearen kalitatearen aurrean. Bigarren zatiko lehen 15 minutuetan zuriek partida erabakita utzi dute sartu dituzten bi golekin.
Zuri-gorriek ezin izan dute talde madrildarra gainditu, Mourinhoren mutilek euren kalitatea argi eta garbi utzi dutelako jokaldi erabakigarrietan. Etxekoak 2-0 aurretik jarri dira lehen zatiko 30. minuturako, baina atsedenaldia baino lehen Llorentek 2-1ekoa jarri du. Bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan zuriek partida erabakita utzi dute Ramos eta Ronaldoren golekin. 5-1ekoa Cristiano Ronaldok sartu du penaltiz, 90. minutuan.
Bizkaitarrek ondo hasi dute norgehiagoka zelaian taktikoki talde zuria baino hobeto jarrita egon direlako. Zuri-gorriek Jose Mourinhoren talde ezustean hartu nahi izan du Llorente goitik bilatuz. Partidako bigarren minutuan aurrelari zuri-gorriak gol aukera paregabea izan du bakarkako jokaldi batean, baina Pepek ederki desbideratu du Llorenteren jaurtiketa. Caparrosen mutilek ondo kokatuta jarraitu dute, baina Real Madrid kontraerasoan irtetzen hasi da Gorka Iraizozen ate ingurura arriskua eramanez. Norgehiagokako 19. minutuan Higuainek 1-0ekoa jarri du bilbotarren area bornean jokaldi ona burutu eta gero. Argentinarraren golarekin talde zuria gora etorri da, baina Susaetak gutxigatik ez du berdinketaren gola sartu. Eibartarraren zartakoa Casillasek desbideratu du geldiketa bikain batekin.
Mourinhoren taldeak arrisku handia eraman du Iraizozen ate ingurura kontraerasoei esker eta Cristiano Ronaldok 2-0ekoa egin du 29. minutuan. Athletic partidan sartu da, nahiz eta markagailuan atzetik joan eta Fernando llorentek 2-1ekoa egin du jokaldi korapilatsu batean. Aldaratzea errioxarrari heldu zaioa eta honek area txikian ez du barkatu. Atsedenaldira bilbotarrak ezustekoa emateko aukerekin heldu dira.
Bigarren zatian, Athletic presionatzera irten da eta talde madrildarrak kontraerasoa bilatu du berriz ere. Caparrosen mutilek abaguneak izan dituzte, baina Iker Casillasek geldiketa bikainak egin ditu, zuri-gorrien jaurtiketa guztiak desbideratuz. Bigarren zatiko 12. minutuan Susaetak penaltia egin dio Di Mariara eta Sergio Ramosek 3-1ekoa jarri du hamaika metroetatik.
Madrildarrak gora etorri dira margailuan abantaila handitu dutenean eta erasoan gehiago sakatu dute. Zurien laugarrena Cristiano Ronaldok egin du falta jaurtiketa zuzen batean, Iraizozek akats larri egin duelako baloia desbideratzeko orduan. 62. minuturako Mourinhoren taldeak erabakita utzi du norgehiagoka (4-1). Real Madrilek ondo kontrolatu du partida eta Javi Martinezek gutxigatik ez du Athleticen bigarren gola sartu. Hala ere, nafarraren jaurtiketa zutoinera joan da partidazo 86. minutuan. Norgehiagoka amaitzear zegoela, Amorebietak penaltia egin dio Granerori eta Cristiano Ronaldok 5-1ekoa jarri du markagailuan.
Fitxa teknikoa:
5 - Real Madril: Iker Casillas; Sergio Ramos, Pepe, Carvalho, Marcelo; Khedira (Lass, m.67), Xabi Alonso; Cristiano Ronaldo, Özil (Granero, m.78), Di Maria; eta Higuain (Benzema, 75).
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustariz (Aurtenetxe, m.46), Amorebieta, ; Gabilondo (David Lopez, m.74), Orbaiz, Javi Martinez, Muniain (Iñigo Perez, m.60); Susaeta eta Llorente.
Golak: 1-0, m.20: Higuan. 2-0, m.30: Cristiano Ronaldok. 2-1, m.40: Llorentek. 3-1, m.56: Sergio Ramosek penaltiz. 4-1, m.63: Cristiano Ronaldok. 5-1, m.90: Cristiano Ronaldok&' || 'nbsp; penaltiz.