Athletic Club
Gaur, 21:00etan
Athleticek Europan jokatzeko dituen aukera urriei eutsi nahi die Vila-realen zelaian
Agentziak | Erredakzioa
Vila-real da 47 punturekin Europako postuen muga markatzen duen taldea. Lehoiek 11 puntu gutxiago dituzte.
-
Bi taldeek lehen itzulian jokatutako partidaren irudia. Argazkia: Efe.
Iker Muniain aspaldiko partez Athletic taldean berriro ikustea izango da gaur, 21:00etan, Zeramika zelaian, Vila-realen kontrako partidako berritasunik azpimarragarriena. Nafarrak sei hilabete luze eman ditu bajan, belauneko lesio baten ondorioz, eta Ziganda entrenatzaileak minutu batzuk eman nahi dizkio jokalariari.
Horrez gain, Zigandak Mikel Rico ere jokatzeko moduan du, azken asteetako lesio muskularra sendatu ostean. Bajan dago oraindik Yeray Alvarez, zuntz haustura baten ondorioz.
Athleticeko jokalariek badakite astelehenean galduz gero Europan jokatzeko dituzten aukera urriei agur esango dietela. Vila-real bera dago Europan jokatzeko aukera ematen duen azken postuan, seigarrenean, bilbotarrek baino 11 puntu gehiagorekin, Liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta direnean.
Azken denboraldietan, Athletic eta Vila-real Europan sartzeko lehian aritu dira. Aurten, baina, talde horia zuri-gorria baino egoera askoz hobean dago.
Hala ere, etxeko taldea ez dago bere unerik onenean, aurreko jardunaldian Malaga azken sailkatuaren aurka galdu baitu.
Ustezko hamaikakoak
Vila-real: Asenjo, Mario, Álvaro, Bonera edo Víctor Ruiz, Jaume Costa; Rodrigo, Trigueros, Fornals, Roberto Soriano; Bacca eta Sansone edo Enes Ünal.
Athletic: Kepa; De Marcos, Unai Núñez, Iñigo Martínez, Balenziaga; Susaeta, Iturraspe, San José, Córdoba; Raúl García eta Williams.
Epailea: Iglesias Villanueva (Galiziako elkargokoa).
Estadioa: Zeramika.
Ordua: 21:00.