Itxi

Athletic Club

San Mamesen

Athletic-Deportivo (1-2): Merezi gabeko porrota

Sara Lavado

Erredakzioa

Epailea eta zortea alde izan ditu Lotinaren taldeak. Zuri-gorriek aukera ugari izan dituzte, baina 88.ean bakarrik zulatu ahal izan dute sarea. 93.ean Iraizozentzat izan da abagunea.

Porrot mingarria jaso du Athleticek Deportivoren aurka San Mamesen jokatutako partidan (1-2). Ia dena egin du, baina partida bikaina jokatu duen Aranzubiaren aurrean asmatzea falta izan zaio. Galiziarrek, ordea, pare bat aukera sortu eta hiru puntuak eskuratu dituzte. Gainera, epailea eta zortea alde izan dituzte.

Ondo hasi dute partida zuri-gorriek. Hamabost minututan hiru gol aukera garbi izan dituzte. Lehen minutua bete baino lehen Fernando Llorentek izan du markagailua estreinatzeko parada, baloia gutxigatik kanpora bidalita. 5.ean Gaizka Toquerok Aythami gainditu du baina ezin izan du Aranzubiarekin gauza bera egin. Hirugarren jokaldiko protagonista Juan Rodriguez izan da bere atean gola sartzeko zorian izan baita. Aranzubiak kornerrera aldaratu du bere taldekidearen errematea.

Baina ezustean Depor izan da gola sartzen lehena. Rubinos Perez epailea okertu da eta Ustaritzek Adriani egindako penaltia adierazi du 21. minutuan. Adrianek berak ez du hamaika metroetatik huts egin.

33.ean beste zaplasteko bat jaso du Joaquin Caparrosen taldeak. Epaileak gorria erakutsi dio Mikel San Joseri erasoan zen Adriani heldu baitio. Antza jokoz kanpo zegoen eta gipuzkoarrak jasotako zigorra gehiegizkoa izan da.

47.ean hamar gizonekin geratu da ere Miguel Angel Lotinaren taldea. Xabi Castillori falta egin eta bigarren horia erakutsi dio Rubinosek Juan Rodiguezi. Minutu bat lehenago ustezko penaltia egin dio Gurpeguik Lassadi, baina aurrenekoan erratu dela jakinda epaileak ez du ezer adierazi.

Bizkaitarrak gola sartzeko helburu berarekin zelairatu dira atsedenaldiaren ostean, baina zortea Deporren alde zegoen eta 53.ean 0-2koa lortu du. Adrianen jaurtiketak Carlos Gurpeguin jo du eta barrura sartu da.

Golaren bila jarritu du Athleticek, abagune asko izan ditu, baina gola sartzea ezinezkoa zela zirudien. Gola behar zuen taldeak eta baita San Mamesek ere. Eta heldu da, baina berandu. 88.ean Llorentek buruz errematatu du Andoni Iraolaren erdiraketa bikaina (1-2).

Azken minututak frenetikoak izan dira. Iraizoz korner batera igo da eta gutxigatik ez du 2-2koa sartu. Baloiak Manuel Pabloren eskuan jo du, baina epaileak jarraitzeko adierazi du. Partida berdintzeko azken aukera Igor Gabilondok izan du, baina Aranzubiak kornerrera aldaratu du.

Asteazken honetan garrantzi handiko norgehiagoka Kopan, FC Bartzelonaren aurka. Camp Nouko 0-0eko emaitzaren ostean, final-laurdenetarako txartela eskuratzeko itxaropenarekin aurre egiten dio Athleticek hitzorduari. San Josek ezin izango du parte hartu gaur gorria ikusi duelako.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Castillo (Gabilondo, 62''); David Lopez (Susaeta, 59''), Gurpegui, Orbaiz, Muniain; Toquero (Velez, m.59) eta Llorente.

2 - Deportivo: Aranzubia; Laure, Lopo, Aythami, Colotto, Manuel Pablo; Juan Dominguez (Juca, 84''), Ruben Perez, Juan Rodriguez; Lassad (Antonio Tomas, 49'') eta Adrian (Pablo Alvares, 90'').

Golak:

0-1, 21'': Adrian

0-2, 52'': Adrian.

1-2, 86'': Llorente.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en