Itxi

Athletic Club

Liga

Berizzok Athletic berpiztea du helburu

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak berritasun asko ditu aurten. Eduardo Berizzo da entrenatzailea eta Capa, Dani Garcia, Ganea eta Yuri fitxatu ditu.

  • Iñaki Williams. Argazkia: EFE

    Iñaki Williams. Argazkia: EFE

Athleticek ez du errepikatu nahi iazko denboraldia. Horretarako, fitxaketak egin ditu, taldea eraberrituz. Azken egunetan, Chelseara joan den Kepa Arrizabalaga galdu du talde zuri-gorriak.

Eduardo Berizzo da entrenatzaile berria eta taldea berpiztea izango du helburu. Joko arina eta bizia eskaini nahi die zaleei entrenatzaile argentinarrak. Europako txapelketetara itzultzea da Athleticen helburua.

Urtero legez, ia talde osoa mantendu du Athleticek, baina jokalari berriak ere ekarri ditu: Ander Capa, Dani Garcia, Cristian Ganea eta Yuri Berchiche. Gainera, itzuli egin dira utzita egon diren Alex Remiro (Huesca) atezaina eta Unai Lopez (Rayo Vallecano) erdilaria.

Keparen irteeraren ostean Iago herrerin eta Alex Remiro izango dira talde zuri-gorriko bi atezainak. Remirok hasieratik jokatuko du lehen jardunaldiko partida, Herrerin lesionatuta baitago.

Fitxaketei dagokienez, Dani Garcia eta Yuri Berchiche dira hasierako hamaikakoan sartuko direnak. Capak De Marcosen ordezko bezala ekingo dio denboraldiari eta badirudi Ganeak ez dituela aukera asko izango.

Iñigo Martinezekin batera, Yeray eta Unai Nuñez izango dira erdiko defentsak, laugarren bat behar izatekotan Peru Nolaskoain erabili du Berizzok. Zelai erdian, Dani Garcia, Muniain eta Unai Lopez ariko dira. Iturraspek eta Beñatek euren txanda itxaron beharko dute, eta San Josek zailago izango du jokatzea, nahiz eta laugarren erdiko defentsa moduan erabili dezakeen Berizzok. Badirudi Mikel Ricok jokatzeko aukera gutxi izango dituela. Williams, Cordoba eta Susaeta dira hegaletan jokatzeko erabiliko dituen futbolariak. Raul Garciak puntaerdi postuan edo zelai erdian jokatzea nahi duela esan zuen Athleticeko entrenatzaileak.

Aurrealdean gauzak argi daude. Adurizek jokatuko du aurrelari eta gipuzkoarrak ezin duenean, Iñaki Williamsek beteko du postu hori.