Itxi

Athletic Club

22:00etan

Berizzoren Athletic berria Pellegrinoren Leganesen aurka estreinatuko da gaur

Agentziak | Erredakzioa

Biak aurrez aurre arituko dira San Mamesen Santander ligako 1. jardunaldian. Zuri-gorriek aurreko denboraldi txarra ahaztu nahi dute.

Athleticek Leganes hartuko du Ligako lehenengo neurketan gaur, astelehena, 22:00etan. Bilboko eta Madrilgo taldeak eta Eduardo Berizo eta Mauricio Pellegrino entrenatzaile argentinarren proiektuak aurrez aurre, gaur gauean, San Mamesen.

Bizkaiko taldeak lehenbailehen ahaztu nahi du aurreko denboraldi txarra, eta Marcelo Bielsaren futbola berreskuratu: erasokoa, arriskuak hartzen dituena, nekaezina eta arrakastatsua.

Pellegrinoren Leganesek, aldiz, Asier Garitano aulkian egon zen bost urteetako sendotasuna berreskuratu nahi du. Garitano Madrilgo talde horren aulkian zela, Athleticeko jokalari asko joan ziren Leganesera jokatzera, eta bi klubetako ordezkariek gaur egun ere harreman ona izaten jarraitzen dute.

Berrizok garrantzi handia ematen dio "ondo" erasotzeari, Iker Muniain zelai erdian duen 4-3-3 arriskutsu horretan ezustekorik ez izateko.

Entrenatzaile argentinarrak ez du argibide askorik eman, baina badirudi zortzi jokalari seguruak izango direla. Zalantzen artean daude Raul Garcia non kokatuko duen —erdian edo hegal batean— eta erdiko atzelariak nortzuk izango diren, Iñigo Martinez lesionatuta baitago.

Unai Nuñez, Yeray Alvarez eta Peru Nolaskoain dira atzeko lerro horretan erdiko bikotea osatzeko aukera gehien dutenak. Hegaletan, berriz, Oscar de Marcos eta Yuri Berchiche egongo dira, eta atean, Alex Remiro.

Horien aurretik, Dani Garcia heldu berria (erdiko erdilari bezala) Muniain eta Raul Garcia edo Unai Lopezen atzetik arituko omen da. Puntan, berriz, Markel Susaeta (eskuinean), Iñaki Williams (ezkerrean) eta Aritz Aduriz (erdian) egongo dira.

Leganesen mugimendu handiko uda izan dute, eta oraindik gehiago espero dituzte.

Pellegrinoren taldeak ez du denboraldi-aurre osoan galdu, baina San Mamesen Lehen Mailan jokatutako bi partidetan ez du irabazi.

Mikel Vesgak ezin izango du jokatu, Athleticek utzita dagoelako Leganesen. Diego Rolan, Jose Manuel Arnaiz eta Alexander Szymanowski ere ez ditu prest izango teknikariak.

 

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Athletic: Remiro: De Marcos, Yeray, Nolaskoain, Berchiche; Dani Garcia, Raul Garcia, Muniain; Susaeta, Williams eta Aduriz.

Leganes: Serantes; Juanfran, Siovas, Ezequiel, Raul Garcia; Ruben Perez, Gabriel; El Zhar, Ojeda, Eraso; eta Carrillo.