Itxi

Athletic Club

Romaredan

Zaragoza-Athletic (2-1): Laugarren porrota jarraian

Josu Bilbao

Erredakzioa

Zuri-gorriek ezin izan dute Aragoiko taldea gainditu, Aguirreren mutilek hobeto jokatu dutelako. Jarosikek eta Uchek erabakita utzi dute norgehiagoka bigarren zatian.

Bilboko taldeak ezin izan ditu hiru puntuak La Romaredan eskuratu, Javier Aguirreren taldeak gehiago egin duelako partida irabazteko. Bizkaitarrak aurretik jarri dira markagailuan lehen zatian Llorenteren golari esker, baina Jarosiken eta Ucheren golekin Zaragozak markagailua irauli du.

Hasierako minututik etxeko taldeak asko sakatu du eta Athletic atzean sartu behar izan da, erdialdea ezin izan dutelako kontrolatu Javi Martinezek eta Orbaizek. Lehen zatiko 5. minutuan Markel Susaetak gutxigatik ez du 0-1ekoa lortu, eibartarraren erdiraketa zutoinera joan delako, Toni Doblas atezaina ezustean hartuz. Hala ere Aragoiko taldeak norgehiagokaren kontrola mantentzen jarraitu du eta Boutaharrek berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du 15. minutuan. Javier Aguirreren mutilek ez dute hiru zutoinen artean asmatu eta Zaragozako aurrelarien jaurtiketak kanpora joan dira.

Lehen zatiko 18. minutuan Llorentek 0-1ekoa lortu du, Gabilondoren erdiraketa sare barrura bidaliz eskuin oinarekin. Zaragozak akats larria egin du defentsan eta aurrelari zuri-gorriak ederki aprobetxatu du hutsunea Ligan bere hamabosgarren gola egiteko. Golaren ostean Aragoiko taldeak agintzen jarraitu du eta Uchek berdinketa lortzeko aukera ederra izan du, baloia knapora bidaliz. Ander Herrerak ere aukera ederra izan du 30. minutuan, baina bizkaitarraren zartakoa gora joan da gutxigatik. Atsedenaldira Caparrosen taldea aurretik joan da markagailuan nahiz eta Zaragozak norgehiagokaren kontrola izan duen.

Bigarren zatian Aragoiko taldeak sakatzen jarraitu du eta aukera onak sortu dituzte partida berdintzeko. Norgehiagokaren 48. minutuan Jarosikek 1-1ekoa jarri du bere burukada baten aldaratzea aprobetxatuz. Athletic berdinketari erantzuna ematen saiatu da, baina Toquero eta Llorentek ez dituzte aukera garbiak izan, zelai erdia Zaragozak ederki kontrolaturik izan duelako. 55. minutuan Uchek Gorka Iraizoz gainditu du buruz burukoan, zuri-gorrien akats baten ostean eta nigeriarrak aurretik jarri ditu Aguirren mutilak markagailuan.

Bizkaitarrek berdinketa bilatu dute nola edo hala, baina ezin izan dute Toni Doblas ezustean harrapatu. 82. minutuan Iraizozek Ucheren bigarren gola saihestu du geldiketa bikain batekin. Athleticen aukera onena 86. minutuan izan du Llorentek, baina bere jaurtiketa kornerrera bidali du Toni Doblasek geldiketa ikusgarri batekin. Azkenean hiru puntuak etxean gelditu dira, Zaragozak zuri-gorriek baino gogo gehiago jarri dituztelako eta bizkaitarrek akats gehiegi egin dituztelako defentsan.

- Fitxa teknikoa:

2 - R. Zaragoza: Doblas; Lanzaro (Da Silva, min.80), Jarosik, Contini, Obradovic; Ponzio; Boutahar (N''Daw, min.92), Gabi, Ander Herrera, Bertolo; eta Uche (Sinama-Pongolle, min.76).

1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Balenziaga; Susaeta (David Lopez, min.70), Javi Martínez, Orbaiz (Iñigo Perez, min.78), Gabilondo (Muniaín, min.57); Toquero eta Llorente.

Golak: 0-1. min.18. Llorente; 1-1. min.49. Jarosik; 2-1. min.56. Uche.