Athletic Club
San Mamesen
Athletic-Sevilla (2-0): Garaipena eta bosgarren sailkapenean
Josu Bilbao
Erredakzioa
Caparrosen taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu etxean Faziok bere atean (65. min) eta Iraolak penaltiz lortutako golei esker (min. 88). Iraizozek geldiketa erabakigarriak egin dizkio Kanouteri.
Bilbotarrek garaipen garrantzitsua lortu dute Sevilla bezalako aurkari zuzen baten aurka. Faziok bere atean eta Andoni Iraolak penaltiz egin dituzte partidako golak bigarren zatian. Bizkaitarrak bosgarren kokatu dira sailkapenean 41 punturekin, Espanyolengandik puntu batera eta Sevilla eta Atleticorengandik 3 puntura.
Zuri-gorriek aukera anitz izan dituzte lehen zatian markagailuan aurrea hartzeko, baina Javi Varas atezainak geldiketa erabakigarriak egin ditu. Laugarren minutuan Sevillano atezainak geldiketa paregabea egin dio Llorenteri, baloia kornerrera bidaliz. Caparrosek mutilek aukerak izaten jarraitu dute, baina andaluziarrak sendo egon dira defentsan. Negredok zelaia utzi behar izan du Iraolarekin buruarekin talka egin eta gero eta Kanoute sartu da erasoan.
Javi Martinezek beste aukera ederra izan du 22. minutuan burukadaz, baina Javi Varasek geldiketa paregabea egin erdilari nafarrari. Gregorio Manzanoren taldea sakatzen hasi da eta Rakiticen zartakoa gutxigatik joan da kanpora. Lehen zatiko azken aukera Fernando Llorentek izan du, baina errioxarrak burukada kanpora bidali du. Atsedenaldira, partida oso berdinduta joan da San Mamasen 0-0ekoarekin.
Bigarren zatia hasi bezain laster, Gaizka Toquero lesionatu egin da eskuin izterrean mina hartu duelako, eta gasteiztarrak zelaia utzi behar izan du. Sevillak asko sakatu du atsedenladiaren ostean eta Kanoutek gol aukera garbiak izan ditu. Maliko aurrelariak burukadaz 0-1ekoa lortu ahal izan du, baina baloia ez da hiru zutoinen artean sartu. 56. minutuan Kanoutek beste abagune bat izan du, baina oraingoan ere bere zartakoa kanpora joan da desbideraturik.
Norgehiagokaren 65. minutuan gola heldu da etxeko taldearentzat ezusteko jokaldi batean. Koikilik erdiraketa jarri du area barnean eta Fazioren desbideraketa Varasen ate barrura sartu da 1-0ekoa markagailuan jarriz. Sevillako defentsak akats larria egin du eta bere atean sartu du partidako lehen gola. Golaren ostean andaluziarrek sakatzen jarraitu dute eta Luis Fabianok zelaia utzi behar izan du belaunean mina hartu duelako. Kanoutek bi aukera garbi eduki ditu 74. minutuan, baina Gorka Iraizozek bi geldiketa ikusgarri egin dizkio Sevillako aurrelariari.
Oscar De Marcoseri penalti argia egin diote 88. minutuan eta Andoni Iraolak 2-0ekoa jarri du markagailuan Javi Varas ederki gaindituz. Azkenenean hiru puntuak San Mamesen gelditu dira (2-0) eta Athletic bosgarren kokatu da sailkapenean.
- Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez (Orbaiz, min.80), Gurpegui, Javi Martinez, Muniain (Gabilondo, min.83); Toquero (De Marcos, min.46) eta Llorente.
0 - Sevilla FC: Javi Varas; Caceres, Fazio, Escude, Fernando Navarro; Navas, Medel (Romaric, min.80), Rakitic, Perotti; Luis Fabiano (Capel, min.71) eta Negredo (Kanoute, min.16).
Golak: 1-0, min.66: Faziok, bere atean. 2-0, min.88: Iraolak penaltiz.