Itxi

Athletic Club

Alfonso Perez Coliseumean

Getafe-Athletic (2-2): Balio handiko berdinketa

Josu Bilbao

Erredakzioa

Urko Verak berdinketaren gola lortu du partidako azken jokaldian eta zuri-gorriek puntu garrantzitsua lortu dute talde madrildarraren aurka.

Caparrosen taldeak urrezko puntua lortu du partidako azken jokaldian Urko Verak sartutako golarekin. Lehen zatian joko eta aukera gutxi egon dira, baina bigarrenean bi taldeek asko sakatu dute erasoan. Manu del Moralek egin du urdinen lehengoa 57. minutuan eta berdinketa ere berak jarri du bere atean sartu duelako baloia burukadaz (69. minutuan). 2-1ekoa Getafeko kapitainak ere lortu du eta azken jokaldian Urko Verak 2-2 utzi du markagailua.

Lehen zatian aukera gutxi izan dituzte bi taldeek eta jokoa behin eta berriro gelditu egin dute falten bidez. Michelen mutilak norgehiagokan agintzen hasi dira eta erasoan asko sakatu dute Athleticen defentsa aurreratuta zegoela aprobetxatuz. Horrela, Albinek partidako lehen aukera izan du 7. minutuan. Getafeko jokalariak urrunetik jaurti du, baina Irazizozek ederki desbideratu du baloia kornerrera. Zuri-gorrien lehen abagunea 13. minutuan heldu da, baina Muniainen zartakoa langa gainetik desbideratuta joan da.

Caparrosen mutilek ez dute jokoa kontrolatzeko modua aurkitu eta Llorenteren burua bilatu dute urruneko erdiraketekin. Getafeko atzelariek ondo lotu dute aurrelari zuri-gorria eta Bilboko taldea ezinean egon da erasoan. Lehen zatiko abagune onena Carlos Gurpeguik izan du 40. minutuan, baina Cata Diezek ezin hobeto desbideratu du nafarraren errematea. Atsedenaldian, 0-0ekoarekin jarraitu dute bilbotarrek.

Atsedenaldiaren ostean Caparrosek Orbaiz zelairatu du Gurpeguiren ordez baloiaren jabetza mantentzeko eta Athleticek gola lortzeko aukera ederra izan du 53. minutuan. Hala ere Susaetaren jaurtiketa Codinaren eskuetara joan da. Llorentek ere abagune ona izan du bigarren zatia hasi bezain laster, baina bere errematea erraz hartu du Getafeko atezainak. Zuri-gorriak sendo jokatzen egon direnean etxeko taldeak 1-0ekoa lortu du. San Josek huts egite handia egin du defentsan eta Manu del Moralek gola lortu du urdinentzat 57. minutuan.

Golaren ostean bilbotarrek sakatzen jarraitu dute eta Caparrosek Urko Vera eta David Lopez zelairatu ditu De Marcos eta Susaetaren ordez. Horrela, zuri-gorrien berdinketa 69. minutuan heldu da. David Lopezek erdiraketa egin du falta jaurtiketaz eta Manu del Moralek bere atean sartu du baloia 1-1ekoa jarriz. Bilboko taldeak asko sakatu garaipenaren gola bilatzeko, baina markagailua etxeko taldeak aldatu du, Manu del moralek 2-1ekoa jarri duelako ezkerkada zital batez (84. minutuan).

Hiru puntuak Getafen geldituko zirela zirudienean, Urko Verak 2-2koa lortu du baloia buruarekin sare barrura bidaliz. Norgehiagokaren azken jokaldian David Lopezek erdiratu du kornerretik eta aurrelari bizkaitarrak ederki errematatu du berdinketa lortzeko.

Fitxa teknikoa:

2.- Getafe: Codina; Victor Sanchez, Cata Diaz, Marcano, Miguel Torres; Pedro Rios (Sardinero, 79. minutuan), Parejo (Casquero, 75. minutuan), Boateng, Manu; Albin (Borja, 82. minutuan) eta Arizmendi.

2.- Ahletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; Javi Martinez, Gurpegui; Susaeta (David Lopez, 62. minutuan), De Marcos (Urko Vera, 62. minutuan), Muniain; Llorente.

Golak: 1-0, 57. minutuan: Manu. 1-1, 69. minutuan: Manu, (bere atean). 2-1, 84. minutuan: Manu. 2-2, 93. minutuan: Urko Vera.