Itxi

Athletic Club

Lezaman

Núñezek ez du lan-saioa amaitu, arazo muskularren eraginez

Erredakzioa

Athleticeko erdiko defentsak ezin izan du amaitu astelehen honetako entrenamendua. Beñat Etxebarria eta Yuri Berchiche ez dira berdegunera irten.

  • Unai Nuñez. Argazkia: EFE

    Unai Nuñez, Yurirekin batera Athleticen entrenamendu baten. Argazkia: EFE

Unai Nuñezek ezin izan du amaitu Athleticek astelehen honetan Lezaman egin duen entrenamendua, arazo muskular batzuen ondorioz. Talde zuri-gorriak errekuperazio saioa egin du, igandean Bartzelonaren aurka berdindu (0-0) ostean.

Huesca izango da Athleticen aurkaria hurrengo jardunaldian, baina partida otsailaren 18ra arte jokatuko ez denez, goizegi da esateko Unai Nuñez zalantza den ala ez. Neurketa horretarako, astelehen honetan 38 urte bete dituen Aritz Aduriz ez da jokatzeko prest egongo, ezta min hartuta dagoen Iñigo Lekue ere. Bestalde, Dani Garciak eta Oscar De Marcosek partida bateko zigorra bete beharko dute Huescaren kontra.

Yuri Berchiche eta Beñat Etxebarria ez dira berdegunean egon astelehen honetako lan-saioan. Bartzelonaren aurka hasieratik jokatu ez zuten jokalariek partida jokatu dute Bilbao Athleticen aurka. Barçaren aurkako neurketan bigarren zatian zelairatu ziren San Josek eta Muniainek ez dute jokatu.

Asteartean atseden eguna du Athleticek, eta asteazkenean itzuliko da lanera. Orduan ikusiko da Unai Nuñezen arazo fisikoak zenbaterainokoak diren. Nuñez Huescaren aurka jokatzeko prest ez badago, Peru Nolaskoainek ordezkatuko du deialdian. Gipuzkoarra arazo fisikoekin egon da azken asteetan, baina larunbatean Bilbao Athleticekin jokatu zuen Gernikaren aurka, eta astelehen honetan normaltasunez burutu du entrenamendua lehen taldearekin.