Itxi

Athletic Club

2-0

Athleticek porrota jaso du Valentziaren aurka, Mestallan

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak porrota jaso du Mestallan, 2-0eko emaitzarekin. Rodrigo eta Gameiro izan dira partidako golegileak.

  • Rodrigo eta Muniain. Argazkia: EFE

    Rodrigo, Athleticen aurka sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Valentziaren aurka (2-0), eta agur esan dio bolada onari. Talde zuri-gorriak berdinketa bat eta bi garaipen lortu ditu azken hiru jardunaldietan, baina Mestallan galdu egin du.

Ondo ekin dio neurketari Athleticek eta Valentziak zalantzak izan ditu lehen minutuetan. Hala ere, minutuak pasa ahala, etxeko taldea egin da baloiaren jabe. Valentzia arriskua eramaten hasi da Iago Herrerinek babestutako ate ingurura, nahiz eta ez duen abagune argiegirik izan. Athleticek penaltia eskatu du, Diakhabyk Raul Garciari area barruan egin dion faltagatik, baina epaileak ez du ezer adierazi VARa kontsultatu ostean.

Lehen ordu erdian bi taldeetako bat ere ez da gai izan gol aukera argiak sortzeko. Neurketak intentsitate handia izan du, baina azken metroetan makal ibili dira bi taldeak. Valentziako zein Athleticeko defentsek lan ona egin dute lehen zatian, eta horregatik iritsi da lehia golik gabe berdinduta atsedenaldira.

Bigarren zatian erasokor zelairatu da Valentzia, eta 48. minutuan aurrea hartu du Rodrigo Morenok sartu duen golari esker (1-0). Santi Minak buruz eman dio pasea bere taldekideari, eta Rodrigok bolea bikain baten bitartez gainditu du Iago Herrerin atezaina.

Golak erabat aldatu du partida. Athletic saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina Valentzia nagusi izan da lehen gola sartu ostean. Gainera, Marcelinok zuzentzen duen taldeak lan ona egin du Muniaini eta Williamsi aukerarik ez emateko. Norgehiagokako azken hamar minutuetan erasora jo du Athleticek, eta arazoak sortu dizkio aurkariari. Hala ere, zuri-gorriak ez dira gai izan abagune argiak sortzeko. Berdinketaren bila jo du itsu-itsuan Athleticek azken txanpan, eta Valentziak partida erabakita utzi du 89. minutuan, Gameirok amaiera ona eman dion kontraeraso baten bitartez (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 - Valentzia: Neto, Wass, Roncaglia, Diakhaby, Gaya, Kondogbia, Parejo, Ferran (Carlos Soler, 76. min), Cheryshev, Rodrigo (Guedes, 79. min) eta Santi Mina (Gameiro, 70. min).

0 - Athletic Club: Herrerin, De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Beñat (San Jose, 63. min), Ibai Gomez (Susaeta, 81. min), Muniain, Raul Garcia (Kodro, 66. min) eta Williams.

Golak: 1-0, 48. in: Rodrigo Moreno. 2-0, 89. min: Gameiro.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Raul Garcia, Yeray eta Iñigo Martinez Athleticeko jokalariei.