Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek porrota jaso du Valladoliden eta atzerapausoa eman du Europarako lehian

A.B.

Talde zuri-gorriak 1-0eko emaitzarekin galdu du Jose Zorrilla zelaian. Lehen zatia oparitu du Athleticek, eta ordaindu egin du.

  • Herrerin. Argazkia: EFE

    Valladolidek Athletici sartu dion golaren irudia. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Valladoliden aurka (1-0), eta atzerapausoa eman du Europara sartzeko lehian. Talde zuri-gorriak lehen zati oso txarra jokatu du, eta partida galtzearekin ordaindu du.

Gaizka Garitanok ez ditu hamaikakoan jarri Iñigo Martinez eta Raul Garcia. Gainera, Beñat lesionatuta dago. Hori dela eta, are arraroagoa izan da Athleticeko entrenatzailearen planteamendua ikustea. Baloia ateratzeko arazoak izan ditu Athleticek, eta horretaz baliatu da Valladolid, lehen zatian jaun eta jabe izateko.

Bigarren minutuan izan du lehen abagunea Pucelako taldeak, baina Unal errematea egitera joan denean, gainera joan zaio Iago Herrerin atezaina, eta baloia harrapatu du. Bost minutu beranduago, Unalek gehiegi gurutzatu du jaurtiketa, Herrerinen aurrean bakarrik geratu ostean. Hamabigarren minutuan, Oscar Plano ez da gutxigatik heldu Moyanoren erdiraketa errematatzera. Ekin eta ekin ibili da Valladolid, eta saria jaso du, 20. minutuan Waldok sartu duen golarekin (1-0). Zelai erdian hartu du baloia, Athleticeko jokalari bat ere ez zaio irten bidea moztera, eta jaurtiketa bikain bat eginda, gol ikusgarria sartu du.

Gola hartu arren, Athletic ez da gai izan aurkaria arazoetan jartzeko. Talde zuri-gorriak abagune bakarra izan du lehen 45 minutuetan. Neurketako 33. minutuan, De Marcosek erdiraketa ona egin, eta Iker Muniainek gora bota du errematea, area txikitik. Aukera paregabea galdu du Athleticek jokaldi horretan.

Bigarren zatiari ekiteko, Raul Garcia zelairatu du Cordobaren ordez, Gaizka Garitano entrenatzaileak. Hala ere, lehen abagunea Valladolidek izan du, baina Unalek kanpora bota du errematea, oso gutxigatik. Partidako 53. minutuan, Valladolideko jokalari batek, area barruan eskuarekin moztu du erdiraketa bat, baina Mateu Lahoz epaileak ez du penaltia adierazi. Lau minutu beranduago, Capak erdiraketa ona egin du, Williams ez da errematea egitera iritsi, San Jose bai, ordea, baina gehiegi gurutzatu du burukada.

Norgehiagokako 60. minututik aurrera, bi taldeei asko kosta zaie gol aukerak sortzea. Azken txanpan, ordea, Athleticek abagune argiak izan ditu. Korner baten, Raul Garciak kontrol bikaina egin du, eta erremate loratua Masip atezainak desbideratu du, gola eragotzita. Hurrengo minutuan, Adurizen errematea zutoinera joan da. Amaieran, esku-hutsik bueltatu da Athletic.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Valladolid: Masip; Moyano, Kiko Olivas, Calero, Nacho; Waldo (Toni, 76. min), Alcaraz, Michel, Oscar Plano (Antoñito, 65. min); Ünal eta Guardiola (Joaquín, 82. min).

0 - Athletic Club: Iago Herrerin; Capa (Aduriz, 59. min), Unai Nuñez, Yerai, Yuri; Dani Garcia, San Jose; De Marcos, Muniain (Ibai, 68. min), Cordoba (Raul Garcia, 46. min); Williams.

Gola: 1-0, 21. min: Waldo.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak atera dizkie, Oscar Plano (10. min), Michel (35. min), Alcaraz (41. min), Borja (50. min) eta Toni (84. min) Valladolideko jokalariei, baita Capa (30. min), Dani Garcia (31. min) eta San Jose (55. min), Athleticeko futbolariei.