Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek eta Eibarrek golik gabe berdindu dute San Mamesen

Erredakzioa

Santander Ligako 17. jardunaldiko euskal derbia berdinduta amaitu da (0-0). Partida txarra eskaini dute bi taldeek.

  • Athletic Club - Eibar. Argazkia: EFE

    Williams eta Kike Garcia, Athletic Club - Eibar partidan. Argazkia: EFE

Athleticek eta Eibarrek golik gabe berdindu (0-0) dute San Mamesen jokatu duten Santander Ligako 17. jardunaldiari dagokion euskal derbia. Oso partida kaskarra eskaini dute bi taldeek.

Hobeto ekin dio neurketari Eibarrek, eta Athletic galduta ibili da. Gaizka Garitano entrenatzaileak San Jose eta Dani Garcia jarri ditu zelai erdian, eta horrek argi erakusten zuen talde zuri-gorriak ez zuela etxean ohiko moduan jokatuko, defentsako lanean zentratu baita. Eibarrek penaltia eskatu du 15. minutuan, baina epaileak eta VARak erabaki dute ez dela penaltirik egon. Talde armaginak area kanpotik pare bat saiakera egn ditu, baina Eibarrek ez du gola gertu izan. Athleticek, lehen zatiaren amaieran izan du abagunea; Dmitrovicek Raul Garciaren jaurtiketa desbideratu du, Cordobak gola sartu du, eta jokoz kanpo zegoenez, epaileak baliogabetu egin du.

Bigarren zatian partidak ez du hobera egin. San Mamesera gerturatu diren zaleak aspertu egin dira, nahiz eta lehen zatia baino pixka bat hobea izan den bigarrena. Capak kanpora bota du jaurtiketa bat, Williamsen jokaldi bikainaren ondoren. Geroago, Ibai Gomezek izan du neurketako abagune onena, baina Dmitrovicek aurrean bakarik geratuta, atezainaren hankara bidali du errematea. Partidako 73. minutuan gola sartu du Athleticek, konkretuki, Rober Correak bere atean, baina erdiraketa egin duen Capa jokoz kanpo egon da, eta VARa kontsultatu ostean, gola baliogabetuta geratu da. Azken txanpan nagusi izan da talde zuri-gorria, eta gola sartzeko abagunea izan du; hala ere, Raul Garciaren errematea Dmitrovicek gelditu du. Ez da aukera gehiago egon luzapenean, eta neurketa txar hau golik gabe berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, San Jose; Williams, Unai Lopez (Villalibre, 64. min), Córdoba (Ibai, 46. min); eta Raul Garcia.

0 - Eibar: Dmitrovic; Correa, Paulo Oliveira, Bigas (Esteban Burgos, 20. min), Tejero; Pedro Leon (De Blasis, 82. min), Escalante, Exposito, Inui; Sergi Enrich eta Kike Garcia (Charles, m.86).

Epailea: Mario Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Raul Garcia (55. min), San Jose (90. min) eta Capa (92. min) Athleticeko jokalariei, baita Kike Garcia (86. min), Dmitrovic (88. min) eta Tejero (94. min) Eibarko futbolariei.

VAReko epailea: David Medie Jimenez.