Itxi

Athletic Club

ERREGINAREN KOPA

Garaziren golek finalerdietara sailkatu dute Athletic (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Atzelari zuri-gorriak penalti puntutik egindako bi golen bidez bilbotarrek Tacon gainditu dute San Mamesen, 11.000 ikusleren aurrean.

  • Athleticeko jokalarik Garaziren bi goletako bat ospatzen.

    Athleticeko jokalarik Garaziren bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Garazi Murua erdiko atzelari bizkaitarrak penalti puntutik lortutako bi golek Erreginaren Kopako finalerdietarako sailkatu dute Athletic, asteazken honetan CD Taconen aurka San Mamesen jokatutako norgehiagokan (2-1). Madrildarrak lehendabiziko gola orekatzeko gai izan dira Jessica Martinez paraguaitarraren golarekin, baina ez dute bigarrenik lortzeko gaitasunik izan.

Ia hamaika mila ikusleren aurrean jokatu den neurketan, Garazik modu berean gainditu du bitan Sara Ezquerro Taconeko atezaina (33. eta 65. minutuetan), hau da, arrasean, indartsu eta atezainaren eskuinaldera egindako jaurtiketen bidez.

Lehen penaltia Ainoa Campok Ane Azkonari area barruan falta egin ostean adierazi du epaileak; bigarrenean, berriz, Daiane Limeira brasildarra izan da Erika Vazquez lurrera bota duena. Lehendabizikoa zalantzazkoa izan bazitekeen ere, bigarrenaren kasuan erabat argia izan da.

Bi penalti horien erdian, lehen zatiko luzapenean, Jessica paraguaitarrak Ainhoa Tirapuk korner baten irteeran egindako akats bat baliatu du gauzak parekatuta uzteko bigarren zatiari begira.

Aukera ugariko partida

Partida zirraragarria izan da hasieratik, eta ikusteko oso atsegina 90 minutuetan zehar. Athleticek nagusitasun gehiago erakutsi du, jokoaren ekimena berea izan baita neurketako tarterik handienean, eta aukera ugari pilatu ditu golak egiteko; dena den, Taconek ere izan ditu bereak.

Partida bizi-bizi hasi da, bederatzigarren segundorako zuri-gorriek euren lehen abagunea izan baitute: Azkonak eskuinetik erdiratu du, baina Lucia ez da zuhur ibili neurketako lehen jokaldian.

Hortik aurrera, etengabeak izan dira ate batean zein bestean sortutako arrisku egoerak: Corres, Azkona eta Oroz izan dira zuri-gorrien ondorengo hurbilketen protagonistak; alabaina, Tacon ere ez da atzean geratu du, eta Thaisa, Jacobsson eta Asllanik ezinegona piztu dute harmailetan.

Gerora iritsi da markagailua mugitu duen lehendabiziko penaltia, akatsez beteriko jokaldi batean. Lehendabizi, Azkonak ez du baloia area baloian kontrolatzen asmatu; jarraian, Ohalek huts egin du urruntzeko nahian; eta, azkenik, Ainoak oldarkortasun handiegiz egin dio aurre Azkonari, aurrelari bizkaitarra baloia kontrolatu eta errematatzeko gertu zegoenean. Epaileak falta adierazi du, eta Garazik bere lehendabiziko gola erdietsi du.

Une horretan, kanporaketa erabakita uzteko parada izan du Athleticek, Azkonak eta Erikak aukera argiak izan baitituzte. Azken horrek gol bat ere lortu du, baina jokoz kanpo zegoela.

Atsedenaldia iristear zegoela, ordea, Ainhoak hutsegite bat izan du korner jaurtiketa batean, eta baloia Jessica paraguaitarraren oinetara iritsi da, eta hark ez du barkatu baloia zaintzailerik gabe zegoen ate barrura eramaterako garaian. Horrenbestez, dena orekatuta geratu da bigarren zatirako.

Aldageletatik bueltan, Athletic indarberrituta zelairatu da, eta bi aukera on sortu ditu. Lehenbizi, Morazaren burukada batekin, korner batean, Sarak marraren gainean harrapatu duena; ondoren, area txikiaren ertzetik Corresek egindako jaurtiketa batekin, bisitarien defentsak kornerrera aldendu duena.

Bilbotarrek arnasa pixka bat hartu dute, eta berehala bigarren penaltia iritsi da, lehena baino are argiago izan dena, Daiane brasildarrak Erikari egindakoa. Oraingo horretan ere Garazik sareetara bidali du baloia.

Neurketa galduta zuela ikusita, Taconek erreakzionatu egin du, eta hala iritsi dira Jacobssonek area barrutik desbideratuegi egindako errematea, eta, batez ere, Thaisak 84. minutuan zutoinera bidalitako abagune argia.

3-1ekoa ere ez da urruti ibili, baina Valdezatek sarearen albo batera bidali du baloia kontraeraso ikaragarri batean, bere defentsa eta atezaina atzean utzi eta gero.

Madrilgo taldeak ez du amorerik eman luzapenera arte, baina Athletic izango da Erreginaren Kopako zozketan egongo dena.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Ainhoa Tirapu, Oihane, Garazi, Vanesa Gimbert, Moraza, Azkona (Eunate, 83. min), Egurrola, Maite Oroz, Erika Vazquez (Marta Unzue, 88. min), Lucia Garcia eta Yulema Corres (Valdezate, 73. min).

1 - CD Tacon: Sara, Babett, Ohale (Daiane, 37. min), Ainoa, Esther (Patri Carballo, 83. min); Jacobsson, Thaisa, Kaci, Lorena (Ubogagu, 67. min), Asllani eta Jessica (Malena, 76. min).

Golak: 1-0, 33. min: Garazi, penaltiz. 1-1, 47. min: Jessica Martinez. 2-1, 65. min: Garazi, penaltiz.

Epailea: Zulema Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Lucia (Athletic); Jessica, Kaci, Lorena (Tacon).