Athletic Club
San Mamesen
Athletic-Rayo (1-1): Denboraldi hasiera traketsa zuri-gorrientzat
Erredakzioa
Bielsaren taldeak partida kaskarra jokatu du Bilbon eta Rayok merezitako puntua erdietsi du. Iturraspek egin du 1-0ekoa eta berdinketa Movillarena izan da.
-
Arribas eta Llorente. Argazkia: EFE
Athletic Clubek berdinketa tristea eskuratu du, etxean, Rayo Vallecanoren aurka (1-1) 2011-2012 denboraldiko lehen partidan.
Joko traketsa egin dute zuri-gorriek lehen zatian. Bisitariek hobeto eta erosoago jokatu dute. Zaleak zain ziren, Bielsa aroaren hasiera ikusteko irrikitan, baina aurreneko 35 minutuetan desilusioa izan da nagusi. Azken hamar minuetan bakarrik izan da Athletic arriskua sortzeko eta San Mames esnarazteko gai.
Lehen zatiko gol aukerarik garbiena Trashorrasena izan da. Erdilariaren jaurtiketak langan jo du, 22. minutuan. Etxekoetan, Susaeta eta Muniain izan dira langileenak.
Bielsaren taldeak aurpegi ezberdina erakutsi du bigarren zatiaren hasieran. Ideiak argiagoak izanda, markagailuan aurreratu da Athletic, 55. minutuan, Ander Iturrasperen gol bikainari esker. Abadiñokoak atzelariak iskin egin eta atezaina gainditu du.
Baina berehala banakoarena egin du Movillak Athleticeko atzelarien akatsa baliatuta (61'). Eta minutu bat geroago 1-2koa sartzeko zorian izan da Botelho.
Azken minutuetan asko sufritu dute bilbotarrek. Sandovalek zuzendutako taldea garaipenaren bila aritu da azken unera arte eta gutxigatik ez du lortu. Azkenean, puntu banaketa eta hobetzeko asko Athleticen aldetik.
Fitxa teknikoa:
Athletic: Iraizoz; Gurpegui (Iraola, 46'), San Jose, Amorebieta, De Marcos; Javi Martinez, Iturraspe, Ander Herrera; Susaeta (Gabilondo, 56'), Muniain (Toquero, 71'), Llorente.
Rayo: Dani; Tito, Arribas, Figueras, Casado, Movilla, Javi Fuego, Trashorras (Lass, 59'), Botelho (Susaeta, 85'), Míchel eta Piti (Delibasic, 79').
Golak:
1-0, 55': Iturraspe.
1-1, 61': Movilla.
Horrelakoa izan da partida eitb.com-en