Itxi

Athletic Club

Beste denboraldi batez

Gaizka Garitanok kontratua berritu du Athleticekin, 2021eko ekainera arte

Erredakzioa

Entrenatzaile bizkaitarrak beste denboraldi batez luzatu du talde zuri-gorriarekin zuen kontratua.

Gaizka Garitano

Gaizka Garitano entrenatzaileak kontratua berritu du Athleticekin, 2021eko ekainaren 30era arte, klubak igande honetan ohar ofizial baten bidez jakinarazi duenez. Ondorioz, deriotarrak talde zuri-gorria zuzentzen jarraituko du datorren denboraldian.

Aitor Elizegi klubeko presidentea, Rafa Alkorta kirol-zuzendaria eta Jon Berasategi zuzendari nagusia Garitanoren sinadura ekitaldian izan dira. Athletic Kopako finalera sailkatzeko gai izan da Derioko entrenatzailea; bertan, Reala izango du aurkari. Europarako sailkapena lortzea da helburua Liga amaiera honetan.

Garitanok 61 partidatan zuzendu du lehen taldea, eta "oso pozik" azaldu da klubak erakutsitako konfiantzarekin: "Txikitatik izan naiz Athleticekoa, nire bihotzeko taldea da. Talde hau zuzentzeko ardura izatea erabat pozgarria da niretzat, eta erantzukizun handia da”.

"Mundu guztiari eskerrak emateko eguna da, Aitorri (Elizegi) bere konfiantzagatik, Rafari (Alkorta), Athleticek ospe eta handitasun hori izatea ahalbidetzen duten klubeko langile guztiei, Lezamako langileei, talde teknikoari, jokalariei… Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia. Batez ere zaleei eskerrak eman behar dizkiet, une zailetan hor daudelako beti”, azpimarratu du deriotarrak.

Titulu bat lortzeko aukeraz ere hitz egin du talde zuri-gorriko teknikariak: "Aurtengo Kopan bizitako esperientzia bikaina izan da, eta titulu bat irabazteko aukera daukagu. Gauza positiboekin geratu eta hobetzen saiatu behar gara".

Denboraldi amaieran taldearen helburua zein izan behar den ere aipatu du: "Taldearen helburua argia da hamaika jardunaldi hauetan; Valentziarekin bost puntuko desabantaila izan arren, Europarako txartela lortzen saiatzea".

Garitanok prentsaurreko telematikoa eskainiko du datorren asteartean, entrenamenduaren amaieran. Ordua zehazteke dago.