Itxi

Athletic Club

EUSKAL DERBIA

Reala-Athletic (1-2): Zuri-gorriek irabazi dute derbia

Erredakzioa

Athleticek Ligako lehen garaipena eskuratu du Anoetan Llorenteren bi golekin. Iñigo Martinez izan da Realeko golegilea.

  • Iñigo Martinez eta Fernando Llorente baloiagatik lehiatzen euskal derbian. Argazkia: EFE

    Iñigo Martinez eta Fernando Llorente baloiagatik lehiatzen euskal derbian. Argazkia: EFE

Athleticek irabazi du Anoetako derbia, Reala 1-2 gaindituta. Zuri-gorriek ligako aurreneko garaipena eskuratu dute eta gipuzkoarrek ligako bigarren porrota dute. Fernando Llorentek lortu ditu zuri-gorrien bi golak eta donostiarrena Iñigo Martinez gazteak lortu du bere zelaitik egindako jaurtiketa eder batekin.

Lehenengo zatiko aurreneko minutuetan ezustekoa eman nahi izan du Athleticek eta Llorenteren jaurtiketa zutoinera bidali du Bravok gelditu ikusgarria eginda. Bielsaren mutilek baloiaren jabetza mantendu nahi izan dute jokoa atzealdetik hasteko, baina Realak presio ona egin du erasoan eta zuri-gorriek ezin izan dute eroso jokatu.

Pixkanaka txuri-urdinak partidan sartzen joan dira eta Zurutuzak donostiarren lehen abagune argia izan du 20. minutuan. Hala ere, Rocheforteko jokalariaren jaurtiketa kornerra joan da desbideratuta. Iker Muniainek aukera paregabea izan du 24. minutuan, baina Claudio Bravok ederki desbideratu du nafarraren jaurtiketa buruz burukoan.

Bilboko taldearen gola, 33. minutuan lortu du Fernando Llorentek bakarkako jokaldi batean. Aurrelari zuri-gorriak ederki gainditu du Claudio Bravo eskuin oinarekin egindako jaurtiketa batekin. 0-1ekoarekin gipuzkoarrek erasoan gehiago sakatu dute berdinketa lortzeko asmoarekin, baina Montanierren mutilek ez dute gol aukerarik sortu.

Bigarren zatian, Reala bedinketaren bila irten da berdegunera eta Bielsaren taldeak asko sufritu du aurrelari txuri-urdinen presioa gainditzeko. Partidako abagune onenetarikoa Zurutuzak izan du 48. minutuan, baina Rochefortekoak gora bidali du bere errematea. Epaileak ez du Realaren aldeko penalti argia adierazi Gurpegik eskuarekin argi eta garbi jo duelako baloia eta 58. minutuan Javi Martinezek zelaia utzi behar izan du lesionatuta. Sortutako ezustekoarekin, Iñigo Martinezek 1-1ekoa jartzeko aprobetxatu du gol ikusgarri batekin. Atzelari txuri-urdinak bere zelaitik jaurti du eta Iraizoz gainetik gainditu du markagailuan berdinketa jartzeko (60. minutuan).

Donostiarrek norgehiagokako minuturik onenak jokatu dituzte 1-1ekoarekin eta Griezmannek 2-1ekoa jartzeko abagune ederra izan du. Hala ere, jokalari frantziarraren jaurtiketa zutoinera joan da, Iraizoz buruz burukoan gainditu eta gero. Athleticek minutu kaskarrenak jokatu dituenean heldu da 1-2koa. Fernando Llorentek ederki bidali du Amorebietaren erdiraketa sare barrura, 69. minutuan zuri-gorriek sortutako kalitatezko jokaldi batean.

Azkenengo minutuetan jokalariak nekea somatu dute partidak izan duen erritmoa bizia dela eta. Montanierren mutilek berdinketa lortzeko ahaleginak egin dituzte, baina txuri-urdinek ez dituzte aukerak sortu. Azken abagunea Toquerok izan du (92. minutuan), baina gasteiztarraren errematea Claudio Bravok gelditu du. Derbiko hiru puntuak Bilbora joan dira eta Athleticek denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu du Ligan.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Demidov, Iñigo Martinez, De la Bella; Illarramendi, Xabi Prieto, Griezmann (Joseba Llorente, 82. minutuan), Mariga, Zurutuza (Sarpong, 78. minutuan); Agirretxe.

2.-Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez (San Jose, 61. minutuan), Amorebieta, Aurtenetxe; Gurpegi, Susaeta (Toquero,  87. minutuan), De Marcos, Muniain, Gabilondo (Iturraspe, 58. minutuan); Fernando Llorente.

Golak: 0-1, 33. minutuan: Fernando Llorente. 1-1, 59. minutuan: Iñigo Martinez. 1-2, 70. minutuan: Fernando Llorente.