Athletic Club
Erreginaren Kopa
Athletic, Kopako finaletik at Logroñoren aurka penaltietan galdu ostean
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak galdu egin du Las Gaunasen jokatu duen Erreginaren Kopako finalerdietako neurketa eta ez du finalerako txartela lortu. Penaltiak oso gaizki jaurti dituzte Athleticeko jokalariek.
Athleticek porrota jaso du Logroñoren aurka Erreginaren Kopako finalerdietako partida penaltien txandan galduta. Beraz, beste behin Kopako titulua lortu ezinda geratu dira zuri-gorriak.
Neurketaren hasieran Logroñok izan du baloiaren jabetza, baina Errioxako taldeak ez du abagune argirik sortu. Athletici kosta egin zaio partidan sartzea, eta atsedenaldira heldu orduko izan du aurrea hartzeko aukera; Erika Vazquezek baloia lapurtu du, baina ezin izan du Tajonar atezaina gainditu.
Bigarren zatian Athletic izan da baloiaren jabe, baina zuri-gorriek ezin izan dute gola sartzeko aukera argirik sortu. Partidako 85. minutuan Erika Vazquezek langara bota du jaurtiketa. Norgehiagoka golik gabe amaitu da, eta luzapenera joan da.
Bi taldeak nekatuta iritsi dira luzapenera, eta ez dira aurkariaren atea zulatzeko gai izan. Amaierarako hamar minutu falta zirenean, Logroñok atepetik atera du baloia, talde bizkaitarraren gola eragotzita.
Neurketa eta finalerako sailkapena penalti jaurtiketen bidez erabaki da. Athleticek lehen hiru jaurtiketak huts egin ditu; Logroñok, aldiz, lehen biak sartu eta hurrengo biak huts egin. Athleticek laugarren penaltia sartu du, baina Logroñok ez du barkatu bosgarren jaurtiketan eta finalerako txartela eskuratu du.