Athletic Club
BBVA Liga
Valentzia-Athletic (1-1): Zuri-gorriek puntu bat lortu dute Mestallan
A.B.
Erredakzioa
Epaileak legez kanpo utzi du legezkoa izan den Athleticen gol bat eta luzapenean ez du Toquerori egindako penalti bat adierazi. Muniainek sartu du bizkaitarren gola eta Soldadok berdindu du partida.
-
Athleticek eta Valentziak 1-1 berdindu dute Mestallan. Argazkia: EFE
Partida gaizki hasi zen zuri-gorreintzat Valentzia erritmo biziarekin atera baitzen berdegunera. Lau minututan hiru gol aukera argi izan zituzten Unai Emeryren mutilek. Lehen minutuan Banegak area barrutik egindako jaurtiketa kanpora joan zen. Hurrengo jokaldian Topalek korner baten ondorioz egindako errematea zutoina urratuz kanpora atera zen eta laugarren minutuan Canalesek aurkera ona izan zuen, baina gehiegi gurutzatu zuen errematea.
Hasierako minutu txar horiek gaindituta, Athleticek baloiaren jabetza berreskuratu zuen eta Valentzia urduri jartzen hasi ziren. Hamalaugarren minutuan zuri-gorriek gola sartu zuten, baina epaileak balio gabe utzi zuen Susaetak sartutako gola. Epailea erratu egin zen ez baitzegoen jokoz kanpoko posiziorik ezta Guaita atezainari eginiko faltarik ere ez. Minutiak aurrera joan ahala Athletic gero eta hobeto jokatzen hasi zen eta 36. minutuan Llorentek zutoinera bidali zuen buruzko errematea Iraolaren erdiraketa baten ostean. Azken minutuetan Valentzia berriro nagusi izan zen gol aukera argiegirik Portu gabe, baina Iraizozen huts baten ondorioz etxeko taldeak gol aukera nabarmena izan zuen. Iraizozek gaizki aldendu zuen baloia Jonasi iritsi zitzaion eta bere errematea zutoinera joan zen. Gol aukera horrekin eta 0-0eko emaitzarekin iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi zen. Baloia zelai erditik atera eta segundo gutxi barru Jonasek gol aukera bikaina izan zuen, baina bere jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Valentzia Athletic baino hobeto jokatzen ari zen eta nagusi zen berdegunean. Piatti defentsa erotzen ari zen jokaldi bakoitzean. Baina, zuri-gorriak partidako une txarrenak pasatzen ari zenean, Muniainek baloia berreskuartu zuen hegalean, barrurantz joan zen eta area hertzetik egindako jaurtiketarekin Guaita gainditu eta 0-1ekoa sartu zuen.
Gola hartu ostean Valentziak evasora jo zuen itsuan. Emeryk Aduriz zelairatu zuen eta gipuzkoarrak aukera ona izan zuen gola sartzeko 81. minutuan. Valentzia ekin eta ekin ari zen, baina gol aukera argiegirik sortu gabe. Halako baten Banegak baloia hartu, pase bikaina eman eta Soldadok Iraizoz gainditu zuen 1-1ekoa markagailura igotzeko.
Azken minutuetan, 90. minutua gaindituta, epaileak ez zuen Victor Ruizek Toquerori egindako penalti argi bat adierazi eta partida 1-1ekoarekin bukatu zen.
Fitxa teknikoa:
1 - Valentzia: Guaita, Miguel, Ricardo Costa, Victor Ruiz , Mathieu, Topal, Banega, Feghouli (Pablo, m.70), Jonas (Aduriz, m.78), Canales (Piatti, m.36) eta Soldado.
1 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola (Gurpegui, m.46) (Ander Herrera, m. 57), Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe, Javi Martinez, Susaeta, De Marcos, Iturraspe, Muniain eta Llorente (Toquero, m.46).
Golak: 0-1, m.72: Muniain. 1-1, m.88: Soldado.
Epailea: Clos Gomez.