Publizitatea
Itxi

2021/01/07

09:51

Athletic Club

2-3

Athleticek porrota jaso du Bartzelonaren aurka Marcelinoren estreinaldian

A. B. | EITB Media

Talde zuri-gorriak 2-3ko emaitzarekin galdu du San Mamesen jokatu duen Barçaren aurkako partida. Bigarren jardunaldian atzeratu zen neurketa izan da.

0
Athletic – Bartzelona partidako laburpena eta gol guztiak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Athleticek porrota jaso du Bartzelonaren aurka (2-3) San Mamesen Santander Ligako bigarren jardunaldian atzeratuta geratu zen partidan. Marcelino Garcia Toral talde zuri-gorriaren entrenatzaile berriak ezin izan du punturik eskuratu Athletic zuzendu duen lehen norgehiagokan.

Erritmo biziarekin hasi da neurketa eta hirugarren minutuan Athleticek gola sartu du; talde zuri-gorriak kontraerasoa antolatu du, Raul Garciak pase ona eman, eta Iñaki Williamsek 1-0ekoa sartu du, Ter Stegen atezaina gaindituta. Gola sartu ostean, beste abagune argi bat izan du Athleticek, baina Capak ez dio pase ona eman Muniaini, eta gola sartzeko aukera alferrik galdu du. Muniainek gehiagi itxaron behar izan du, eta ezin izan dio baloia egoki jarri Yuriri. Barçari arazoak sortu dizkio Marcelinok zuzentzen duen taldeak, baina Barça baloiaren jabe egin da, eta nagusi izan da. Desten, Dembeleren eta Messiren bidez abaguneak sortu ditu Bartzelonak, baina Unai Simon atezaina bikain ibili da, eta golak eragotzi ditu. Partidako 14. minutuan, huts egin du Athleticek defentsan, eta Pedrik banakoa (1-1) jarri du markagailuan. Unai Simonek huts egin du, baita Unai Nuñezek ere.

Barçak partida berdindu ostean, Yurik min hartu du, eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Balenziaga sartu da haren ordez. Bartzelona nagusi izan da 20. minututik aurrera, eta 38.ean Messik 1-2koa egin du Pedriren pasea jasota.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Athleticek, eta hiru abagune izan ditu berdinketa lortzeko, baina ez jokalari zuri-gorriek ez dute asmatu Ter Stegen atezainaren aurrean. Ondoren, Bartzelonaren erantzuna etorri da Messik egindako jaurtiketaren bidez, baina baloia zutoinera bidali du. Geroago, 62.minutuan, Messik 1-3koa sartu du area barruan jaurtiketa atera eta Unai Simon atezaina gaindituta.

Azken ordu erdian erasora jotzen saiatu da Athletic, eta asko kosta zaio abagune argiak sortzea. Hala ere, 90. minutuan, Muniainek aldeak murriztu ditu (2-3). Epaileak hiru minutuko luzapena eman du, baina talde zuri-gorria ez da berdinketa lortzeko gai izan.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martínez, Yuri (Balenziaga, 31. min); De Marcos (Berenguer, 65. min), Vencedor, Vesga (Dani Garcia, 65. min), Muniain; Williams eta Raul Garcia (Morcillo, 80. min).

3 - Bartzelona: Ter Stegen; Dest (Mingueza, 75. min), Araujo, Lenglet, Jordi Alba; Busquets, De Jong, Pedri; Dembele (Braithwaite, 75. min), Griezmann eta Messi.

Golak: 1-0, 3. min: Williams. 1-1, 14. min: Pedri. 1-2, 38. min: Messi. 1-3, 62. min: Messi. 2-3, 90. min: Muniain.

Epailea: Carlos del Cerro Grande. Txartel horiak atera dizkie Vesga (27. min) eta Dani Garcia (70. min) Athleticeko futbolariei, baita Lenglet (57. min) Bartzelonako jokalariari.

VAReko epailea: Ignacio Iglesias Villanueva.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena