Itxi

Athletic Club

Wanda Metropolitanon

Athleticek Atletico liderrari egingo dio bisita gaur

EITB MEDIA

Madrilgo elurteen ondorioz jokatu ez zen neurketa 19:00etan hasiko da. Partida Euskadi Irratian zuzen-zuzenean jarraitu.

22:25
Marcelino Garcia Toral

Filomena denboralearen erruz bertan behera utzi zuten Atletico Madril - Athletic Club partida gaur bertan jokatuko dute, 19:00etan, Wanda Metropolitano zelaian.

Bilboko taldea sasoiko dago. Marcelino Garcia Toral entrenatzailearen agindupean Santander Ligan jokatu dituen 15 partidetatik 2 baino ez ditu galdu, eta, horrez gainera, Superkopa eskuratu, eta aurtengo Errege Koparako txartela lortu du, finalerdietan Levante kanporatuta.

Nabarmentzekoa da Alex Berenguerren une goxoa. Turindik heldutako jokalariak Kopako finalerako sailkapena eman zion gola egin zuen, eta taldeko golegilea da Ligan, 7 golekin. Aurtengo denboraldiko 'pitxitxia' Raul Garcia da, 8rekin.

Granadaren kontra aldaketa asko egin eta gero, Marcelinok bere 'hamaikako onena' ateratzea espero da; hots, Yeray eta Yuri defentsan eta Iker Muniain, Raul Garcia eta Iñaki Williams hirukotea aurrealdean dituena.

Ustezko hamaikakoak

Atletico Madril: Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso, Carrasco; Llorente, Koke, Lemar edo Saul; Joao Felix eta Luis Suarez.

Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Unai Nuñez, Yeray, Yuri; Berenguer, Unai Lopez, Vesga, Muniain; Raul Garcia eta Williams.

Epailea: Gil Manzano.

Futbol-zelaia: Wanda Metropolitano.

Ordua: 19:00.