Itxi

Athletic Club

Zuri-gorrien garaipena (2-3)

Llorentek erabaki du partida bere hat-trickarekin

Erredakzioa

Galtzen hasi dira zuri-gorriak Michuk sartu baitu partidako lehen gola. Ez dute ohiko moduan jokatu Bielsaren mutilek, baina hiru puntuak eskuratu dituzte Vallecas bezalako zelai txikian.

  • Llorentek hat-tricka lortu du Rayo Vallecanoren aurka. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

2 - Rayo Vallecano: Dani Gimenez (Cobeño, m.54); Tito, Arribas, Labaka, Casado; Movilla, Javi Fuego; Trashorras, Michu, Piti (Delibasic, m.75); eta Tamudo (Rayco, m.25).

3 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe; Susaeta (Muniain, m.62), David Lopez, Íñigo Perez (Ekiza, m.67); Toquero (Ander Herrera, m.82) eta Llorente.

Golak: 1-0: M.10 Michu; 1-1: M.16 Fernando Llorente; 1-2: M.22 Fernando Llorente; 2-2: M.27 Arribas; 2-3: M.67 Fernando Llorente.

Epailea: Paradas Romero.

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu zuen Vallecas Estadioan Rayo Vallecanori 2-3 irabazita. Ez zuten ohikoa jokoa burutu zuri-gorriek, baina bikain aritu ziren aurkariaren ate aurrean.

Hasieratik erritmo bizia izan zuen norgehiagokak eta bi taldeek aukerak sortu zituzten. Joan etorriko partida izan zen lehen minututik eta golak ez ziren berandu iritsi. Hamargarren minutuan Rayo Vallecanok sartu zuen partidako lehen gola. Michuk ez zuen kale egin Athleticeko defentsek korner bat defendatzerakoan egindako hutsaren ondoren. 1-0 aurreratu ziren madrildarrak. Pozak, ordea, ez zion asko iraun Rayori bost minutu beranduago Llorentek 1-1ekoa sartu baitzuen Iñigo Perezen erdiraketa dotorea buruz sare barrura bidalita.

Lehen bi gol hauen ondoren partidak ero jarraitu zuen, alde batetik bestera eta bi taldeak arriskua sortuz aurkariaren ate inguruan. Halako jokaldi baten Athleticek bigarren gola sartu zuen. Llorentek 22. minutuan baloia area hertzean hartu, buelta eman eta bere jaurtiketa sare barrura bidali zuen 1-2koa lortuz. Zazpi minututan bi gol hartu arren ez zuen etsi Rayok eta 26. minutuan partida berdindu zuen Iraizozen huts batez baliatuta. Athleticeko atezainak ez zuen jaurtiketa harrapatu, baloia area barruan solte geratu zen eta Arribasek 2-2koa egin zuen. Lehen zatiko azken txanpan Iraizozek beste huts bat egin zuen; area barruan izkin egin nahi zion Michuri, honek baloia lapurtu zion, baina ondoren buruz burukoan hutsa konpondu zuen atezain zuri-gorriak Rayoren gola eragotziz. Horrenbestez, binako berdinketarekin (2-2) iritsi zen partida atsedenaldira.

Bigarren zatian erritmoa pixka bat jaitsi zen eta Rayo Vallecanok nekea igarri zuen. 55. minutuan Dani Gimenez Rayoko atezaina lesionatu egin zen eta Cobeño sartu zen bere ordez. Cobeñok berak eragotzi zuen Athleticen gola 57. minutuan. Llorentek erremate ona atera zuen eta atezainak geratu egin zuen burukada. Hamar minutu beranduago, ordea, Toquerok erdiraketa ona atera eta Llorentek buruz sare barrura bidali zuen baloia 2-3koa sartuz eta hat-tricka lortuta.

Azken minutuetan Rayo saiatu zen berdinketa lortzen kemen handiarekin, baina kalitate eskasarekin jokatuta. Iraizozek beste huts larri bat egin zuen 86. minutuan. Baloia hilda utzi zuen, Michuk pasea eman zion Trashorrasi eta honen jaurtiketa langa gainetik kanpora joan zen. Azken minutuan, Delibasicek ere gol aukera izan zuen, baina area hertzetik egindako jaurtiketa gora joan zitzaion.

Amaieran, Athleticek lortu zuen garaipena 2-3ko emaitzarekin eta Europako postuen lehian bete betean sartuta jarraitzen dute zuri-gorriek.